Deskonexioaren onurak

Deskonexioaren onurak Eguzkia hodeirik gabe zeruan dir-dir dago, igandea da eta ez dut zereginik liburu batekin momentuaz eta irakurketaz gozatzea aparte, baina nire eskuek ondoko mahaitxoan utzitako mugikorraren bila hasi dira... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/deskonexioaren-onurak/@@download/image/e4ecf754cbec5e0149a75c2bddc02d8a.jpg
2020/02/18

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Eguzkia hodeirik gabe zeruan dir-dir dago, igandea da eta ez dut zereginik liburu batekin momentuaz eta irakurketaz gozatzea aparte, baina nire eskuek ondoko mahaitxoan utzitako mugikorraren bila hasi dira...
Deskonexioaren onurak

Jai dut baina sentitzen dut munduak nire beharra duela... baina igandea da eta, nire irudipenak izango dira. Pantaila begiratzean ordea, hortxe, irakurri gabeko hainbat jakinarazpen... eta tanpez, egunak erritmo digitala hartu du, liburua nire altzoan etsipenezko isiltasunean mugikorrean murgilduta nagoen bitartean. Oraina aspaldi ahaztu dut ordea mundu birtualean murgildurik.

Gertatu al zaizu? Geroz eta denbora gehiago pasatzen dugu konektaturik, eta aldi berean geroz eta gehiago saiatzen gara deskonektatzen. Argi dago teknologiak bere onurak dituela, baina nondik dator deskonektatzeko nahi hori? Zientziak hiru arrazoi eman ditu: online denbora pasatzeak gure produktibitatea jaisten du, menpekotasun sortzen du eta gure osasuna kaltetzen du.

Produktibitate gutxiago
Artikulu bat idatzi beharra dut eta ordenagailu aurrean jartzen naiz. Word dokumentua ireki eta idazteko gaiaren inguruko informazioa irekitzen dut. Nire eskuinean horren inguruko pare bat liburu ere baditut, eta te beltza kanelarekin nire ezkerraldeko katilu polit batean.

Ezinbestean Internetera konektaturik nago nire iturriak zuzenak diren frogatzeko eta nire argumentuak egiaztatzeko. Ezinbestean bost korreo iristen zaizkit, baina ez ditut erantzuten, nire lanetik distraituko naute eta. Telefonoak dar-dar egin du, ordenadorean jakinarazpenak azaltzen zaizkit etengabe eta tabletak iragarki bat bidali dit. Espero gabeko kortisol igoera hau kontrolatzeko Instagram-en sartzen naiz argazkiak ikusiz lasaitzeko eta Youtube-en bideo batzuk ikusteko. Jada 20 minutu galdu ditut.

Zuri ere ohikoa al zaizu egoera hau? Microsoft-ek burututako ikerketa baten arabera gizakiaren kontzentrazio ahalmena 12 segundotik 8ra jaitsi da hamar urtetan. Honen arrazoia? Pantailen nagusitasuna. Kaliforniako Unibertsitateak egindako ikerketak berriz, dio lanean zauden bitartean etengabe mozteak estres mailak igotzen dituela eta horregatik azkarrago lan egiten dela, galdutako denbora berreskuratu nahirik. Egun, lau pertsonatik batek smartphone-a kontsultatzen du 30 minuturo eta millennial-en %25ak 100 aldiz baino gehiago begiratzen du egunean. Jokabide hauek gure produktibitatean eragina dute eta estres mailak igotzen dituzte.

Internetek menpekotasuna sortzen du
Baliteke zure belarrira FOMO (fear of missing out edo zerbait galtzearen beldurra), digital detox (desintoxikazio digitala) edo slow technology (deskonexioaren filosofia) bezalako kontzeptuak iritsi izana. Egungo gizartea mundu digitalaren oinarriak birmoldatzen ari da. Digitala guztirako erabiltzen dugu denbora guztian: lanerako, besteekin komunikatzeko, erosketak egiteko, bankuko operazioak burutzeko, datozen oporrak planifikatzeko...

Tresna bat bezala sortu zena obsesio bilakatzen ari da. Denboraren nozioa galtzen duzu Interneten zauden bitartean? Ezin duzu ekidin mugikorrak dar-dar egiten duenean berau begiratzea? Panikoa sentitzen al duzu mugikorra etxean ahaztean? Baliteke mundu digitalera katigatua egotea. Egindako ikerketen arabera Estatu Batuak eta Europan biztanleen %38ak Internetei adikzioa dio. Menpekotasun hau garunaren egitura fisikoaren aldaketak azaldu dezake. Interneten erabilerak detaileen oroitzapenak eta planifikatzeko gaitasunean eragina duen garuneko gunea aldatzen du. Gure bizitzako lehentasunak ordenatzeko gaitasuna kaltetzen da horrela. Hori dela eta, online denbora gehiago igarotzea lehentasun bilakatzen da eta gure eguneko zereginak bigarren planora igarotzen dira.

Internetek osasuna kaltetzen du
Ikerketa batzuk frogatu dute korrelazio indartsua dagoela depresioa eta konektatuta pasatzen den denboraren artean. Interneten harreman bat sortu nahi dugu besteekin eta munduarekin. Besteekin konektatzen gara, baina gaizki. Dirudienez online ditugun harremanetan erresonantzia linbikoa falta da. Izan ere, hau fisikoki norbaitekin gaudenean soilik gertatzen da. Erresonantzia linbikoa elkar truke energetiko bat da, garuna eta ongizatearen osagai kimikoak askatzen dituena. Hori dela eta, online besteekin konektatu nahian zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta gehiago deprimitzen gara. Beharbada iritsi da garai gure lehentasunak errepasatzeko.

Slow technology
Aipatutako mugimendu honek gure kontsumo digitalaren ikuspegi arrazionala bultzatu nahi du. Geroz eta profesional gehiago gomendatzen dituzte digital detox (desintoxikazio digitala) erretiroak naturara ihes egitera animatuz mugikorra itzalita. Bi munduen arteko oreka bat lortzeko badira zenbait trikimailu:
-Jarri ohe ondoko mahaitxoan pila bidez doan iratzargailu zaharra. Utzi mugikorra iratzargailu bezala erabiltzeari eta saiatu logelatik kanpo uzten gauetan.
-Txandakako barau digitala praktikatu. Pantailara itsatsita igarotzen dugun denboraren kontzientzia hartzean datza, murriztu ahal izateko: ez begiratu mugikorra edo ordenagailua arratsaldeko zazpietatik aurrera edo erabat deskonektatu astean egun bat, igandeetan adibidez.
-Ariketa egin. Oro har, pantailari begira igarotzen dugun denbora, geldirik igarotzen duguna da. Jarduera fisikoa horren aurkako irtenbide ona izan daiteke.
-Naturan denbora gehiago igaro. Ikerketa ugarik frogatu dute naturak gure nerbio sistema lasaitzen duela, sistema immunitarioa indartu, tentsioa jaitsi eta horrenbeste denbora pantailen begira egoteagatik kaltetuta dagoen gure ikusmen gaitasuna indartu.
-Laguntza bilatu. Ez, ez zaude bakarrik, eta bai, bada bizitzeko beste modurik. Taldeetan burutzen diren jardueretan parte hartu dezakezu zure zentzumenak eta sentimenduak ordenatzen hasteko edo instrumentu bat jotzen ikasteko, adibidez.

Oraindik gogoan dut Internet ez zegoen garaiko asperraldi lasaigarriek zuten betierekotasun zaporea. Ez dut ahazten Internet gabe bizi daitekeela, munduak bestelako beharrak sortzen badizkit ere. Honek ordea ba al du atzera bueltarik?