Domina zikinak

Domina zikinak Aintzinean ez bezala, azken hamarkadotan zorrotz arautu dute errendimendu fisikoa optimizatzeko asmoz hartutako drogen nahiz metodo berezien erabilera. Harremana bateraezina bilakatu da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/domina-zikinak/@@download/image/DROGAK_01.jpg
2017/05/23
erreportajea

Maitane de Anitua. Ai Laket!! elkartea @Ailaket

Aintzinean ez bezala, azken hamarkadotan zorrotz arautu dute errendimendu fisikoa optimizatzeko asmoz hartutako drogen nahiz metodo berezien erabilera. Harremana bateraezina bilakatu da.
Domina zikinak

Drogak kontsumitzeko arrazoia ez da bat eta bakarra kasu guztietan. Gazte gehienek aisialdiarekin eta gauarekin lotzen badituzte ere, substantzia hauek askotariko helburuekin hartzen dituzte pertsona ezberdinek. Esate baterako, bada kirol errendimendua areagotzeko drogak hartzen dituenik ere.

Drogen eta kirolaren arteko harremana hain da antzinakoa ezen Grezia Klasikoko kirolariek ere ezagutzen baitzituzten beren gorputzak indartzeko substantzia eta metodo bereziak. Dena den, hartueman hau azken hamarkadotan hasi da oihartzun mediatikoa izaten, batez ere dopinak kirol-ibilbide asko eta beste hainbeste domina zikindu dituenean. Gaur egun, kirolerako debekatutako substantziak kontsumitzeaz gain, galarazitako entrenamendu metodoak jarraitzea ere jotzen dute dopintzat. Halaxe zehaztua du 1999an sortu zen WADA Dopinaren Aurkako Nazioarteko Agentziak. Hala ere, kirolari bati halakorik egotziko baliote, azken honek diziplina erakundearen aurrean errekurtsoa jartzeko eskubidea du.

 


Praktika honetan ere, ohiko legea nagusitzen da: nolako helburua halako substantzia; hau da, lortu nahi duen eraginaren arabera, kirolariak edo honen medikuak substantzia bat ala beste aukeratzen du. Hala, gorputzak indartzeko eta potentzia irabazteko anabolizatzaileak erabili ohi dituzte; oldarkortasuna areagotzeko estimulatzaileak edota pizgarriak… eta horrela zerrenda luze bat osatu arte. Izan ere, gaitz honek oihartzuna nagusiki atletismoaren eta txirrindularitzaren esparruan eduki badu ere, edozein kiroletako emaitzak hobetzeko jo daiteke dopinera eta, berez, kirol diziplinak bezain ugariak eta askotarikoak dira substantzia hauek ere.


Drogen beste edozein erabilerak bezalaxe, dopinak ere baditu bere arriskuak noski, batez ere ezjakintasunetik eta desinformaziotik eratorriak: aizunketa edo adulterazioa, gaindosia, elkarreraginak, kontraeraginak, etab. Kaltea saihesteko ezinbestekoa da horiek kontuan hartu eta behar bezala kudeatzea.
 

EGUNGO ZIGORRAK

 

XX. mende amaieran nazioarteko kirol federazio gehienak dopina formalki penalizatzen hasi zirenetik, urterik urte baldintzak fintzen eta zorrozten joan dira. Hala, gaur egun, ondorengo jokabideak dira zigorgarri:

• Debekatutako substantzien presentzia kirolarien gorputzean.


• Debekatutako substantzia eta/edo metodoen erabilera nahiz erabiltzeko saiakera.


• Analisi-gai izango den lagin bat eman nahi ez izatea, justifikaziorik gabe ukatzea edota lagin-bilketa hori edozein modutan saihestea.


• Lehiaketatik kanpoko frogetarako prest ez egotea eta/edo kokapena ez helaraztea.


• Galdatzen diren agiriak ez aurkeztea.


• Kontroletan iruzur egitea edota iruzur egiten saiatzea.


• Debekatutako substantzia/metodoak edukitzea, hauek salerosi edo salerosten saiatzea, eta/edo horiek kirolari bati eman edo ematen saiatzea.


• Aurrez zehaztutako jokabide horien konplize izatea.