Domina zikinak
Aintzinean ez bezala, azken hamarkadotan zorrotz arautu dute errendimendu fisikoa optimizatzeko asmoz hartutako drogen nahiz metodo berezien erabilera. Harremana bateraezina bilakatu da.
Drogak kontsumitzeko arrazoia ez da bat eta bakarra kasu guztietan. Gazte gehienek aisialdiarekin eta gauarekin lotzen badituzte ere, substantzia hauek askotariko helburuekin hartzen dituzte pertsona ezberdinek. Esate baterako, bada kirol errendimendua areagotzeko drogak hartzen dituenik ere.
Drogen eta kirolaren arteko harremana hain da antzinakoa ezen Grezia Klasikoko kirolariek ere ezagutzen baitzituzten beren gorputzak indartzeko substantzia eta metodo bereziak. Dena den, hartueman hau azken hamarkadotan hasi da oihartzun mediatikoa izaten, batez ere dopinak kirol-ibilbide asko eta beste hainbeste domina zikindu dituenean. Gaur egun, kirolerako debekatutako substantziak kontsumitzeaz gain, galarazitako entrenamendu metodoak jarraitzea ere jotzen dute dopintzat. Halaxe zehaztua du 1999an sortu zen WADA Dopinaren Aurkako Nazioarteko Agentziak. Hala ere, kirolari bati halakorik egotziko baliote, azken honek diziplina erakundearen aurrean errekurtsoa jartzeko eskubidea du.
Praktika honetan ere, ohiko legea nagusitzen da: nolako helburua halako substantzia; hau da, lortu nahi duen eraginaren arabera, kirolariak edo honen medikuak substantzia bat ala beste aukeratzen du. Hala, gorputzak indartzeko eta potentzia irabazteko anabolizatzaileak erabili ohi dituzte; oldarkortasuna areagotzeko estimulatzaileak edota pizgarriak… eta horrela zerrenda luze bat osatu arte. Izan ere, gaitz honek oihartzuna nagusiki atletismoaren eta txirrindularitzaren esparruan eduki badu ere, edozein kiroletako emaitzak hobetzeko jo daiteke dopinera eta, berez, kirol diziplinak bezain ugariak eta askotarikoak dira substantzia hauek ere.
Drogen beste edozein erabilerak bezalaxe, dopinak ere baditu bere arriskuak noski, batez ere ezjakintasunetik eta desinformaziotik eratorriak: aizunketa edo adulterazioa, gaindosia, elkarreraginak, kontraeraginak, etab. Kaltea saihesteko ezinbestekoa da horiek kontuan hartu eta behar bezala kudeatzea.