Donostia Kultura Poesia Lehiaketan izena emateko epea zabaldu dute

Abenduaren 31ra bitarte bidal daitezke euskarazko poesia lanak.

Balea Zuria argitaletxeak DK poesia lehiaketaren 8. edizioaren jarri du martxan, euskarazko poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko asmoz. 35 urte bete gabe dituzten egile berriei zuzendutako lehiaketa da.

Deialdi honetara euskarazko poesia bildumak aurkez daitezke, originalak, inon argitaratu gabeak eta inongo literatura lehiaketatan saririk eskuratu gabekoak. Lanen luzera gutxienez 600 bertso-lerrokoa izango da, eta gehienez 1.000koa. Gaia, errima eta neurria libreak izango dira.

Lanak aurkezteko epea 2024ko abenduaren 31n amaituko da eta honako helbide honetara bidali beharko dira:  dkpoesialehiaketa@donostia.eus. Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Eli Tolaretxipi idazleek osatuko dute epaimahaia, eta irabazlea 2025eko martxoaren 21a baino lehen emango da ezagutzera. Sari banaketa aste horretan egingo da. 

Irabazleak 1.000 euroko saria izango du, eta Imanol Larrinagaren margolan bat ere jasoko du. Gainera, Balea Zuria argitaletxeak irabazlearen lana argitaratuko du eta egileak Poesia eta Pentsamendua errezitalean parte hartu ahal izango du.

Lehiaketaren oinarriak hemen kontsulta daitezke.