Donostia Zinemaldiko 'Savage Cinema' sailak sei proposamen dakartza

Lehiaketaz kanpoko eta kirolean nahiz abenturan espezialdutako sail berezi honek Rory Kennedy edota Jennifer Peedom zuzendarien film berriak ekarriko ditu, besteak beste.

Donostia Zinemaldiak Red Bull Media House etxearekin lankidetzan antolatzen duen sail berezia da Savage Cinema. Aurten bosgarren ekitaldia du eta, beste hainbat gairen artean, Desert Point olatuaren aurkikuntza, Laird Hamilton eta Kai Lennyren bizitzak, eta mendiak eragiten duen lilura jorratuko ditu.

Guztira sei film proposatuko dituzte:
Rory Kennedy eta Jennifer Peedom zuzendari prestigiotsuen film berria; Serge Hazanivicious zuzendariaren ekoizpen frantsesa, Bérénice Bejo protagonista duena; Indonesiako paradisu baten aurkikuntzaren historia, oraindik kontatzeke dagoen abentura bakanetako bat; Chris Burkard argazkilari prestigiotsuaren proiektu pertsonal bat; eta Kay Lenny surflariari buruzko film biografiko bat.

 

Take Every Wave: The Life of Laird Hamilton
Rory Kennedy (AEB)
Surfaren mito bizi baten erretratu sakon eta aho bilorik gabekoa. Aparteko gizabanako bat aztertzen du Take Every Wave filmak; beldurrak, anbizioak eta erronkek akuilatutako gizabanakoa. Haren bizitzari buruzko kontakizun eferbeszente honek aukera berezia ematen digu, hurbiletik begiratzeko zerk eramaten duen eliteko kirolari bat arauak jarraitu edota haustera; agerian utziko digu zenbateraino aldatu zuen surfaren kirola, zer ondare eraiki zuen, eta zer prezio ordaindu behar duen atleta batek bere bikaintasunagatik.

 

Tout là-haut / To the top
Serge Hazanavicius (Frantzia)
Scott etorkizun handiko snowboarder bat da eta amets handi bat du: lehena izatea. Orain arte inork lortu ez duen zerbait egin nahi du: Everestera igo, eta munduko jaitsiera arriskutsu eta gogorrenetako bat egitea. Chamonixera iritsiko da, mendiko eski eta snowboardaren muinera, eta han Pierrick gurutzatuko zaio bidean, freerideko txapeldun beterano bat, haren goi-mendiko gidari bihurtuko dena. Scottek ongi daki harekin topatu izanak gailurrera eraman dezakeela.

 

Secrets of Desert Point
Ira Opper (AEB)
80ko hamarkadaren hasieran, itsasontzi herdoildu batzuetan Indonesiako Lombok irla urrunaren inguruan nabigatzen ari zirela, olatu perfektuarekin topo egin zuten Bill Heick Kaliforniako surflari gazteak eta haren lagunek. Surfaren argonauta moderno eta askotariko haiek 'Desert Point' izena jarri zioten olatu eder bezain traidore hari. Aitzindari haiek hamarkada batean baino gehiagoan gorde zuten altxor hori mapatik kanpo eta beren bizitzako helburu bihurtu zuten Desert Pointen beste inor gabe surf egitea… kosta ahala kosta.

 

Paradigm Lost
John DeCesare (AEB)
Kai Lenny surflariarentzat, ongi pasa dezakeen bitartean, jolastokia da ozeanoa. Surflaria izateak esan nahi duen kontzeptuari etengabe aurka egiten dio; olatu erraldoietan eta itsas handitan aritzen da surfean, ahal duen modu guztietan. Lehiaketan bere burua proban jartzea nahiz lagunekin gozatzea: berarentzat olatuak soilik existitzen dira, baita horietan surf egiteko aukera amaiezinak ere, bere gogo irekiak onartzen dituen guztiak.

 

Under an Arctic Sky
Chris Burkard (Islandia)
Filmak sei surflariren urratsei jarraituko die; Chris Burkard abentura-argazkilariarekin eta Ben Welland zinemagilearekin batera, olatu ezezagunen bila joango dira, Islandiako Hornstrandir natura-erreserbako fiordo urrunetara. Itsasontzi bat alokatu ostean, Isafjordur fiordotik aterako dira, azken hogeita bost urtetan izandako ekaitz handienaren une bortitzenean. Ongi jakinik ekaitzek olatu gogoangarriak sortzen dituztela, taldeko kideak baikor ageri dira, baina porrotari aurre egin beharko diote ekaitza dela-eta kostaldera itzuli behar direnean. Espedizioa errepidez jarraitzea erabaki ondoren, Islandiako negu latza biziko dute; orduan, zalantzan jarriko dute ea merezi duen ezezagunaren bila joateko bizitza arriskatzeak. Ezbeharrak gorabehera, taldeak aurrera egingo du, eta pentsaezinekoa aurkitzeko osagai onena ziurtasunik eza dela aurkituko dute.

 

INFO+