Donostiako 33. Gazteen Antzerki Topaketa datorren astean hasiko da
Donostia Gazteriak antolatutako topaketan, Donostia Kulturaren eta Kutxa Kulturaren laguntzaz, 24 antzezlan erakutsiko dira maiatzaren 16tik ekainaren 15era. Hogeita lau lan horietatik, hamaika euskaraz izango dira eta hamabi gaztelaniaz, eta bat hiru hizkuntzatan interpretatuko da (euskara, gaztelania eta arabiera).
Antzerki Topaketaren helburua gazteak antzerkiarekin harremanetan jartzea da, interprete, sortzaile (agertoki gainean edo atzean), zein ikusle izan. Era berean, kultura-ekitaldietara joateko eta haietaz gozatzeko ohitura ere sustatu nahi da, kultura-jarduerak bultzatu. Gainera, parte-hartzaile gazteak motibatzea ere badu xede, haien sormen prozesuan aurrera egiteko, eta baita haien kultur ekoizpenaren hedapena bultzatzea ere.
Hiriko ikastetxe, unibertsitate, antzerki eskola eta talde independente guztiei zabaldu zitzaien deialdia otsailean, eta guztira hogeita lau taldek eman dute izena. Donostiarrak dira gehienak, baina badira kanpokoak ere, hala nola Oiartzungoak, Pasaiakoak, Bilbokoak, eta Iruñeakoak. Gazteen Antzerki Topaketaren bidez, parte-hartzaileek beren antzezlanak modu profesional batean gauzatzeko aukera dute, hirian ezagunak diren agertokietan: Antzoki Zaharra, Victoria Eugeniako Klub Aretoa, Gazteszena (Egia Kultur Etxea), Lugaritz Kultur Etxea, Kontadores Gazte Zentroa eta Kutxa Kultur Kluba.
Taldeen parte-hartzea sustatu eta elkar ezagutzeko, amaiera-ekitaldia antolatu dute aurten eta, hala, sari ematea eta festa izango dira ekainaren 18an. Taldeak mota askotakoak direla eta bukaeran sari batzuk banatzen direla kontuan izanda, bi kategoria bereizi dira adinaren arabera: junior kategoria, 14 eta 18 urte artekoentzat, eta senior kategoria, 18 eta 30 urte bitartekoentzat. Junior mailan hamasei talde daude, eta bestean zortzi.
Aurkeztutako antzezlanak epaitu eta sariak erabakiko dituzten hiru aktore gazteak hauek izango dira: Nerea Gorriti, Aia Kruse eta Asier Oruesagasti. Kategoria bakoitzean sari hauek banatuko dira: obra onenari, berriro antzezteko aukera eta bi antzerki emanalditara joateko sarrerak; talde artistiko onenari, bi antzerki emanalditara joateko sarrerak; eta taularatze onenari, bi antzerki emanalditara joateko sarrerak. Sari horiez gain, dirulaguntza txiki bat izango dute talde guztiek, materiala erosi, ekipo osagarriak alokatu eta gastuak ordaindu ahal izateko. Bestalde, antzezlan guztiak bideoz grabatuko ditu profesional batek, eta talde bakoitzari haren antzezlanaren bideoaren kopia bat emango zaio. Talde bakoitzak bere antzezlanaren kartela ere izango du, taldearen sustapenerako baliatu dezaketena.
Aurtengo kartela sortzen Usandizaga Ikastetxean Publizitateko goi-mailako zikloa ikasten ari diren ikasleek hartu dute parte. Aurkeztutako guztien artetik, Leire Orbegozoren lana aukeratu dute aurtengo irudia izateko.
Topaketaren egitaraua hemen dago kontsultagai.