Donostiako Dantza Sueltoko Txapelketan izena emateko epea zabalik
Donostia/ San Sebastian Festak zerbitzuak Donostiako Dantza Sueltoko Txapelketa antolatu du Trinitate plazan, Euskal Dantzarien Biltzarraren laguntzarekin. Txapelketa irailaren 4an izango da, 18:00etan.
Pertsona guztiek parte har dezakete, bikoteko partaideetako batek gutxienez 16 urte beteak baldin baditu. Aldez aurretiko zozketa egin ondoren, bikote bakoitzarentzat fandango bat eta arin-arin bat joko da txistuz eta trikitixa musikarekin. Derrigorrezkoa izango da usadiozko jantzia erabiltzea.
Epaimahaia dantza sueltoan adituak diren pertsonek osatuko dute eta honako hauek izango dituzte kontuan: pausoak, goialdeko mugimendua, alderdi artistikoa eta melodia-erritmoa.
Irabazleek txapela, lepo zapia, trofeoa eta 400 euro jasoko dituzte; bigarren sailkatuek, trofeoa eta 325 euro; eta hirugarren postua lortzen dutenek trofeoa eta 275 euro. Laugarrenetik zortzigarren postura artekoek ere diru-saria jasoko dute. Horretaz gain, sailkatuak izan ez diren bikote guztiek 100 euro eskuratuko dituzte, eta beste hainbeste lortuko du janzkera egokiena duen bikoteak ere. Lehen hiru donostiarrek ere izango dute diru-saria: lehenak 200 euro jasoko ditu, bigarrenak 160 euro eta hirugarrenak 125. Azken hau zortzi sarietakoren bat jaso duenarentzat izango balitz, bakarra izango da berarentzat.
Parte hartzeko izen-emate epea zabalik dago eta abuztuaren 23an, astelehena, bukatuko da, eguerdiko 13:30ean. Horretarako, formularioa bete beharko dute.
Oinarrien inguruko xehetasunak Donostia Kulturaren webgunean daude jasota.