Donostiako Larrotxene Bideok ikasturteko lanak erakutsiko ditu ekainaren 21ean

Donostiako Larrotxene Bideok ikasturteko lanak erakutsiko ditu ekainaren 21ean Zazpi lan labur aurkeztuko dituzte Antzoki Zaharrean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/donostiako-larrotxene-bideok-ikasturteko-lanak-erakutsiko-ditu-ekainaren-21ean/@@download/image/INTX-bideoaldia-albistea.jpg
2024/06/14
Zazpi lan labur aurkeztuko dituzte Antzoki Zaharrean.
Donostiako Larrotxene Bideok ikasturteko lanak erakutsiko ditu ekainaren 21ean

Bideoaldiaren 36. edizioa egingo da Antzoki Zaharrean ekainaren 21ean, arratsaldeko 19:00etan. Larrotxene Bideon lau produkzio oso eta hiru koprodukzio landu dituzte ikasturte honetan eta hitzordu horretan erakutsiko dituzte. Bertan elkartuko dira lantalde guztiak, ingurukoak eta zinema eta ikus-entzunezkoen zaleak. Irakasleak ere bertaratuko dira, tartean Michel Gaztambide, Pablo Malo, Oskar Tejedor, eta Ander Sagardoy.

Ekitaldiak ordubete inguruko iraupena izango du, eta zazpi lan ikusi ahal izango dira. Ikasturteko lau lanen artean dago Itziar Egigurenen Sunglasses. Hondartzako arratsalde ezin hobea igarotzen ari diren Erika eta Maite dira protagonistak. Eguna amesgaizto txiki bihurtuko da, eta Erika, uste bezain perfektua ez dela ohartuko da.

Irene Royoren Mi Amigo Julio ere proiektatuko dute. Robertok azken urteetako lehen hitzordu erromantikoa du eta oso urduri dago. Baina Elena bera baino arraroagoa dela ikusten duenean, Juliok bere lagun handi eta misteriotsuaren laguntza beharko du.

Blanca Zaraguetak eta Josean Gomezek zuzendutako El Síndrome de la Página en Blanco film laburrean idazle baten bueltako istorioa kontatzen da. Blokeo egoeran dagoen idazle batek pisu handi bat alokatuko du, bakarrik egoteko eta, horrela, inspirazioa berreskuratzeko. Baina ez da hain erraza bakarrik egotea.

Edgar eta Unax Santos anaien Print pelikulak, berriz, Jon izeneko bulegaria du protagonista. Bere lanaldi monotonoa betetzen ari da, baina inprimagailuaren bidez bidalitako mezu arraro batzuek eten egingo dute bere lana.

Saioa amaitzeko, hiru koprodukzio aurkeztuko dituzte. Mikel S. Galarzak eta Cesare Maglionik zuzendutako Kononi, ezberdin direnen arteko topaketari buruzko istorioa da. Gizon bat, bere jaioterriari lotuta eta gazte migratzaile bat, ibai baten ertzean aurkituko dira, ordu batzuetan zehar.

Nahia eta Iulen Arana neba-arrebek sortutako Fuego Fatuo filmean bikote batek hiria zeharkatuko du autoz, gatazka saihesten duten bitartean. Dena lehertzen da, ordea, lehenago edo geroago. Baina kasu honetan gauzak ez dira diruditena.

Azkenik, Fabian Bojkovskyk zuzendutako 3 minutuko bideoklipa emango dute, Mucalinda taldearen Prímula

Ekitaldirako gonbidapenak leihatilan jaso ahalko dira egunean bertan, 17:00etatik 19:00etara.

Hitz eta Pitch, ekainaren 28an
Ikasturtea amaitzeko, "pitching" saioa egingo dute ekainaren 28an, Intxaurrondoko Kultur Etxean, 19:00etan. Ikasle, ikasle ohi eta irakasleek euren etorkizuneko egitasmoak aurkeztuko dituzte, lankidetzen bila. Bertan parte hartzeko mezu bat idatzi behar da posta elektroniko honetara: larrotxene_bideo@donostia.eus.