'Dragoi Bola'-rekin lotutako erakusketa zabaldu dute Donostian

'Dragoi Bola'-rekin lotutako erakusketa zabaldu dute Donostian Akira Toriyama egilearen lana berrinterpretatu dute hogeita sei ilustratzailek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dragoi-bolarekin-lotutako-erakusketa-zabaldu-dute-donostian/@@download/image/N_Toriyama.jpg
2024/11/04

Ilustrazioa: Mikel Antero

Akira Toriyama egilearen lana berrinterpretatu dute hogeita sei ilustratzailek.
'Dragoi Bola'-rekin lotutako erakusketa zabaldu dute Donostian

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astea tarteko, Dragoi Bola-tik infinitura – Akira Toriyamari omenaldia erakusketa ireki dute eta azaroaren 10era arte egongo da zabalik, Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo). Hogeita sei ilustratzailek Akira Toriyama manga egilearen lana berrinterpretatu dute eta horixe da erakusketak bildutakoa.

Dragon Ball eta Dr. Slump manga eta animeek milioika zale dituzte munduan zehar. Dragon Quest bideojokorako sortutako bere pertsonaiak ere gogoangarriak izan dira. Bere sorkuntzek eragin handia izan dute eta haur eta helduak ere animatu dira bere pertsonaiak marrazten saiatzera, eta marrazketarako joera sustatu du.

 

Dragon Ball edo Dragoi Bola-k sekulako arrakasta izan zuen. Euskal Herrira ETBren bidez iritsi zen, belaunaldi askotako haur eta gazteek jarraitu zituzten Son Goku, Bulma, Vegeta, Krilin eta gainerakoen abenturak. ¡Kame Hame Ha! oihua gogoan dute oraindik ere jarraitzaileek. Euskararen zabalkundean ere eragina izan zuten marrazki bizidunek.

Jorge Madejón da erakusketaren komisarioa eta honako hauen lanak ikus daitezke bertan: Garluk Aguirre, Mikel Antero, Arubashi (Alba Cardona), Jordi Bayarri, Pedro Camello, Anabel Colazo, Borja Crespo, Deliciest, Enkaru, Aitor Etxebeste, Irina Hirondelle, Iñaki Holgado, Jon Juárez, Joseba Larratxe (Josevisky), Letucse, Stéphane Levallois, Garbiñe Martiarena, Isara, Gorka Ortega “Mac”, Patxi Peláez, Dani Ruiz, Studio Kôsen, Aritz Trueba, Paul Urkijo, María Vaz-Romero eta Wakaiki.