Duplak Herri Urratserako egindako abestia entzun al duzu?

Aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n izango da, Senperen, eta aurkeztu dute edizio honi dagokion kantua: Elgarrekin. Kantuaren izenburuak badu bere arrazoia, "egungo jendarte indibidualistari aurre eginez, elkarrekin egitearen eta elkarrekin egotearen aldeko apustua" egiten dutelako. Kattalin Elizalde kolegioa eta Arberoako ikastolaren aldekoa izango da ekimena.
Duplak egin du abestia eta bertan parte hartzera gonbidatu dituzte Pisoo raplari garaztarra eta Pantxoa eta Peio, musika tradizionala eta garaikidea uztartuz.
Bideoklipa ere grabatu dute, Senpereko Aintzira bertan. Duplako Gari eta Beñat ageri dira bideoan, ur gaineko plataformetan, gitarra eta bateria jotzen eta abesten. Pisoo garaztar musikaria eta Pantxoa eta Peio ere azaltzen dira, eta baita Angeluko dantza taldeko dantzariak ere.
Bertso afaria, martxoaren 29an, Kanbon
Urtero bertsoarekin lotutako ekimen bat antolatzen du Herri Urratsek eta oraingoan bertso afaria egingo dute, martxoaren 29an, Kanboko Xalbador kolegioan, bere sostenguz. Aperitifa alaitua egingo dute 19:00etatik aurrera eta ondoren, 20:30ean, bertso afaria, Maddalen Arzallus eta Sustrai Colina bertsolariekin. Aritz Bidegain arituko da gai-jartzaile. Sarrerak hemen eskura daitezke.
Erlezain kanpaina martxan
Herri Urratsek Erlezain kanpaina ere badu martxan, euskararen transmisioa bermatzen duen Seaskaren komunitatea babesteko. 5000 erlezain lortu nahi dituzte. Erleek bezala, Seaska osatzen duten gurasoek, irakasleek, langileek eta ikasleek elkarrekin lan egiten dute euskararen alde, baina erleak bizirik eta aktibo mantentzeko, "erlezainak behar dira".
Erlezain izan nahi baduzu, 10 euroko ekarpena egin eta trukean erlea jasoko duzu etxean, zaindu eta babesteko. Horretarako, hemen sartu eta formularioa bete.