Durangoko Azokako nobedadeak eta planak
Durangoko Azokan liburu eta disko nobedade ugari izango dira, egileak sinatzen, aurkezpenak, kontzertuak... Ohiko moduan, zer egin, zer erosi eta zer ikusi erabakitzea izaten da zailena. Hementxe dituzu nobedade eta plan proposamen batzuk.
LIBURUAK
Bihotz-museo bat - Leire Vargas
Leire Vargasek bere bigarren poema liburua plazaratu du. Maitasunaren eta bikotearen ikuspegi hemegonikoarekiko mendekotasun eta sufrimenduaren aurrean, sinesmenak zalantzan jarri, desikasten saiatu eta eraldatzeko prozesuari ekingo dio poemetako ahotsak. Hala, gauzak beste toki batetik egin nahian, kolektiboari begiratuta, maitatzeko eta bizitzeko bestelako moduen bila.
Bisita - Mikel Pagadizabal
Pagadi ezaguna dugu bere umoreagatik, eta liburu honetan ere umore ganberroa da nagusi, zientzia fikzioarekin nahastuta. Plater hegalari bat iritsi da Lur planetara, eta non hartu du lur? Bada, Anoetako bi baserriren arteko soroan. Mundu osoa aztoratuko du gertakariak, bertakoak batez ere.
Coca-Cola bat zurekin - Beñat Sarasola
Frank O'Hara poetak bere lehen erakusketa zuzenduko du New Yorken, 1960an, Espainiako pintura eta eskulturari buruzkoa. Erakusketarako hautagaien artean daude Oteiza eta Txillida eta euren lana ikustera etorriko da Euskal Herrira, eta Espainiako artista batzuen lana ere aurrez aurre ezagutuko du bidaia berean. Aldi berean, poetak Vincent Warren dantzari eta maitalearekin duen harremanaren nondik norakoak ere aletzen dira giro artistiko eta politikoarekin baitan.
Gazako egunerokoa - Atef Abu Saef. Itzultzaileak: Maialen Berasategi eta Irene Arrarats
Atef Abu Saif Gazan jaio zen, baina 2019an, Palestinako Aginte Nazionalak Kultura ministro izendatu zuenean, Zisjordaniara aldatu zen. 2023ko urriaren 7an Gazan zegoen, hamabost urteko semearekin batera. Israelgo armadaren inbasioa tarteko, kale gorrian geratu eta aita-semeek hara eta hona ibili behar izan zuten ihesi, herioari izkin egiten. 85 egunez ibili ziren hala, handik atera ahal izan zuten arte. Egun haietan bizitakori buruzko kronika da hau.
Hetero - Uxue Alberdi
Uxue Alberdik zortzi ipuinez osatutako Hetero liburua idatzi du, heteroarauaren barnean bizitzeak dakartzan erresistentziak, minak eta elkar-elikatzeak islatzen dituztenak. Emakumezkoak dira ia protagonista denak, eta heteroarauak euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoak ageri dira, baita emakumeek euren berau kontserbatzeko egiten dutenaz ere. Kontraesanak, minak, desirak, botereak eta zauriak agerian ipini eta arrastoa uzten duten narrazioak dira.
Pleibak - Miren Amuriza
Nerabe paisaia rural-poligonero bat, institutuko korridore atenporalak, Morora busean jaistea eta belodromora motorrean igotzea, Hemendik At, Chenoa, Su Ta, lokaleko maromoak eta txosnetako Goi Gerlariak, Largo eta Beda Agarreko sukaldean, erantzun gabeko perdidak, behor hezurrak, istripu bat. Umezaroa elkarri lotuta igaro arren, orain kalean gurutzatu eta ez diote elkarri begiratu ere egiten. Sasoi baten erretratua egiten du Amurizak.
Zoriona, edo antzeko zerbait - Karmele Mitxelena
Emakume alargundu berria Mediterraneora joan da, doluaren zama arindu nahian. Egunerokoan gertatzen zaizkionak eta iraganeko oroitzapenak lotzen dira bertan. Bidaia fisikoa eta psikologikoa da, eta maitasuna, heriotza, seme-alabak... dira harilkatzen diren gaietako batzuk.
Zoo - Goiatz Labandibar
Kanpineko paisaia eta fauna islatu du Labandibarrek ipuin-bilduma honetan, jostalari eta zorrotz: paraje urruneneko kanpin galduenera bakardade bila doan familia, igerilekuko monitore gisa xox batzuk atera nahi dituen ikaslea, parranda-asmotan dabilen gazte-taldea, tribu osoa inguruan biltzen duten matriarkak, autokarabanak elkarri erakutsiz lehiatzen diren bikoteak, lehenbiziko muxua, lehenbiziko ligea, lehenbiziko adar jartzea probatuko duena…
DISKOAK
Atenporal - Esti Markez
Esti Markezen bigarren lan luzea da, bukaera eta hasierei buruzkoa. Kantu klasiko eta modernoak daude, eta melodia eta ahots goxoak. Bederatzi kantuz osatutako lana da, eta merezi du entzutea.
Basati - Benizze
Beñat Goitia gasteiztarrak Benizze sortu zuen 2022an. Paradisu Zinema Musika Beka irabazi zuen eta haren babesean egindako lana da. Ñabardura askotako musika elektronikoa, oso ikusgarria eta oso esplizitua.
Belharra - Bengo
Bengok bere alderdi pertsonalena islatu du disko honetan. 'Belharra' Urruñan sortzen den olatu erraldoia da, ezohiko fenomenoa, eta olatu hori aurrera jarraitzearen metafora da artistarentzat.
Ez da besterik - Marte Lasarte
Ez Da Besterik Marte Lasarteren lehen albuma da. Indie pop-rock soinuetatik, new wave, drum 'n' bass eta punk-rock fuzzero soinuen artean dabiltza dantzan. Proposamen freskoa.
HHH - Eneritz Furyak
- Abenduak 5:
- Poppera, Afterra, Utopia ikuskizuna (10:15 eta 12:15, Plateruena)
- Gamer gela (10:30-14:00, Kabi@, Landakogunea)
- Birkiten kontzertua (15:40, Plateruena)
- Urtzi Leoneten Itzalen Dama eta Patxi Bakallu. Harrizko errementariak liburuaren aurkezpena (19:30, Ahotsenean Literatura)
- Eiderren kontzertua (21:30, Ahotsenean Musika, Plateruena)
- Abenduak 6:
- Hiri gerra Palestinan liburuaren aurkezpena (11:00etan, Ahotsenea literatura)
- Ane Berriotxoaren Nire amaren etxea film laburraren aurkezpena (11:00etan, Irudienea, Zugaza)
- Karrika Antzerki Taldearen Hurrengo geltokia antzezlana (11:30, Szenatokia, San Agustin Kulturgunea)
- Mikel Artieda eta Leire Berasaluzeren kontzertua (12:10, Plateruena)
- Laura Penagosen Putaren bakarrizketa eroetxean (12:30 eta 16:30, San Agustin)
- Jone Arriolaren Hor konpon film laburra (13:00, Zugaza)
- Maskak taldearen kontzertua (13:20, Plateruena)
- Mirariren kontzertua (16:50, Plateruena)
- Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen Ztandap binakako bakarrizketa (17:00, San Agustin)
- Albina Stardust-en kontzertua (18:00, Plateruena)
- Kai Nakairen kontzertua (19:10, Plateruena)
- Xsakararen kontzertua (21:30, Plateruena)
- Abenduak 7:
- Karenaren kontzertua (12:10, Plateruena)
- David Perez Sañudoren Azken erromantikoak filma (12:30, Zugaza)
- Tupust! Komiki Kolektiboaren Gu liburuaren aurkezpena (13:00, Ahotsenea Literatura)
- Ekhi Lambert & Haize Carricaburuaren kontzertua (13:20, Plateruena)
- Ekain Martinez de Lizarduyren Prosopagnosia (14:30, Zugaza)
- Hirurak telefonoari begira antzezlana (16:00, San Agustin)
- Negu Kolektiboaren Negu hurbilak (16:30, Zugaza)
- TOC kontzertua (19:10, Plateruena)
- Ezpalak taldearen kontzertua (20:20, Plateruena)
- Odei Barroso eta Benizzeren emanaldia (21:30, Plateruena)
- Abenduak 8:
- Kalte Kolektiboaren Fikziohesia antzezlana (11:00, San Agustin)
- baDAbil! zuzeneko podcasta, Amancay Gaztañaga, Beñat Sarasola eta Idoia Asurmendirekin (11:00, Landakogunea)
- Maddi Sarasuaren Biharraren egietan liburuaren aurkezpena (11:30, Ahotsenea Literatura)
- Irabazi arte telesailaren emanaldia (12:00, Zugaza)
- Asel Luzarraga eta John Anduezaren Azken portuko postdatak liburuaren aurkezpena (16:00, Ahotsenea Literatura)
- Leire Egañaren Oinez dokumentala (16:30, Zugaza)
- Miriam Lujuaren kontzertua (19:10, Plateruena)