Egunean Behin-en 16.denboraldia martxan da gaurtik aurrera, galdera-sorta berriekin

Irabazleak ez dira errepikatuko astetik astera eta ezta denboraldi amaierako sarietan ere.

Egunean Behin jokoaren 16. denboraldia hasi da gaur. Gabonak bitarte iraungo du denboraldi berriak eta aurtengo azken txanda izango da beraz. Egunen batzuetan bigarren partida jokatzeko aukera ere izango da, lehiaketa tematiko paraleloa dela tarteko.

Galdera-sorta berriak izango dira denboraldi honetan. Berrikuntza bat ere jakinarazi dute: ez da irabazle errepikaturik izango. Asteko irabazleak ez dira denboraldi barruan errepikatuko, eta denboraldi amaierakoetan 2022tik aurrerako saridunak ere salbuetsita egongo dira. Sailkapenak ez dira aldatuko, baina jokalari batek jada sari bat lortu badu aste batean lehen postuan geratzeagatik, hurrengo batean ere lehenengo geratzen bada, bigarrenari edo sailkapenean aurrez irabazi gabeko hurrengoari emango zaio saria.

Denboraldi amaieran izaten diren hiru sari nagusietan ere, 2022tik aurrera izandako garaileak, denboraldi bakoitzeko hiru lehenak, salbuetsiko dira. Sailkapenari begiratuta, saririk gabekoen artean lehen hirurek jasoko dituzte sariak. Hori bai, denboraldi barruan aste batean irabazi izanda ere, jokoaren sari nagusia lortu ahal izango da.

Zozketaz ebazten diren sarietan ez da arau hau aplikatuko. Astero egongo da bat, eta baita beste batzuk ere denboraldi amaieran.

Hamabi asteko lehiaketa izango da eta hamabi babesle daude. Denboraldi amaieran lehen hiru jokalariek, aurretik izandako irabazleak kenduta, Bodegas Ribeiraoren hiru saski/sorta eskuratuko dituzte, Haririk gabeko bi aurikular ere zozkatuko dira.