'Egunean Behin' jokoaren 8.denboraldiaren zuzeneko finala gaur

'Egunean Behin' jokoaren 8.denboraldiaren zuzeneko finala gaur Gaueko bederatzi eta erdietan abiatuko da finala eta aplikazioa eskura duen edonork joka dezake. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/egunean-behin-jokoaren-8-denboraldiaren-zuzeneko-finala-gaur/@@download/image/jokoan.png
2021/12/16

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gaueko bederatzi eta erdietan abiatuko da finala eta aplikazioa eskura duen edonork joka dezake.
'Egunean Behin' jokoaren 8.denboraldiaren zuzeneko finala gaur

Zortzigarren denboraldia bukatu berritan, Egunean Behin lehiaketako final sinkronizatua eskainiko dute gaur Biba Egunean Behin telebistako saioan, 21:30ean, ETB1en. Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek aurkeztuko dute telefono mugikorraren bidezko aldibereko lehiaketa. EITBren web-orrian eta EITBren YouTubeko kanalean ere jarraitu ahal izango da saioa.

Hainbat pertsona ezagunek osatutako bikoteek ere jolastuko dute platoan: Maitane Urbieta kazetaria eta Iker Galartza aktorea,  Gazteako Julen Telleria eta Jon Gotzon Aldaparena, eta Sebastian Lizaso bertsolaria eta Sara Cozar aktorea. Erik Gartzia Egaña denboraldi honetako txapelduna ere gonbidatuko dute bertara. Jokoan aritu diren 83.223 jokalariren artean berak lortu ditu puntu gehien, eta platoan bere trebezia erakusteko aukera izango du.

Lau partida jokatuko dira eta galdetegi berak azalduko dira mugikor guztietan aldi berean, 21:30etik aurrera. Lehen hiru partidak parte-hartzaile guztientzat izango dira; laugarren partida erabakigarrira, berriz, aurreko hiru partidatako 20 onenak igaroko dira. Egunean Behin aplikazioa jaisten duen orok parte hartu ahal izango du finalean. Zortzigarren denboraldian 3,9 milioi partida jokatu dituzte 83.000 lagun baino gehiagoren artean. 

Aurreko edizioan bezala, norberak antolatutako oporralditxoa egiteko bidaia-txartelak banatuko ditu EITBk. 2.000 euroko balioa duena eguneko irabazleak jasoko du, eta 1.000 eurokoa partaide guztien artean zozketatuko dute.