Egunean zenbat ordu igarotzen ditu Z belaunaldiak edukiak ikusten?
Guztiok gaude mugikorra eskuetan dugula, baina ba ote dakigu zenbat denbora igarotzen dugun benetan eduki digitalak kontsumitzen?
Talker Research ikerketa-agentziak 2.000 estatubatuarri egin diete galdeketa, komunikabideen eta eduki digitalen kontsumo ohiturak neurtze aldera. Ikerlanaren arabera, Z belaunaldiak, batez beste, egunean sei ordu baino gehiago igarotzen ditu eduki digitalak ikusten. Zehazki esateko, ia zazpi ordu dira, 6.6 hain zuzen ere.
Aste bakarrera ekarriz gero, 42 ordu izango lirateke astean, eta urte osoan, berriz, 91 egun oso, hau da, hiru hilabete. Noski, badira gehiago kontsumitzen dutenak ere. Inkesta egin duten batzuek aitortu dutenez, hamabost ordu edo gehiagoz aritzen dira eduki digitalak kontsumitzen. Millenniallak ere gertu daude, egunean 6.3 ordu pasatzen baitute eduki digitalen aurrean.
Urtean 800 dolar inguru
Kontsumo horri dagokionez egindako gastua ere kontuan hartu dute ikerketan. Erantzun duten pertsonek hilean 66.60 dolar gastatzen dituzte, batez beste, hedabide, streaming zerbitzu, audio aplikazio eta sare sozialetako harpidetzetan. Urtean 800 dolar inguru.
Z belaunaldia da halakoetan gehien gastatzen duena, hilean 97.70 dolar, eta haren ondoren millenniallak dira gehien ordaintzen dutenak, 91,70 dolar gastatzen baitituzte. Baby boomer belaunaldikoek, aldiz, 35.60 dolarreko gastua egiten dute.
Milleniallek streaming plataformetan gastatzen dute gehien, 40 dolar, eta Z belaunaldikoek ere paretsu, 39.20 dolar. Sare sozialetako zerbitzuetara 29.10 dolar bideratzen dituzte Z belaunaldikoek, eta milleniallek, berriz, 25. Audio zerbitzuetara ere jotzen dute; Z belaunaldikoek 29.40 dolar erabiltzen dituzte horretan, eta milleniallek 26.70 dolar.
Youtube nagusi
Sare sozialetako plataforma gogokoenei dagokienez, Z belaunaldikoek hiru hauek nabarmendu dituzte: Youtube (%82), Instagram (%68) eta TikTok (%57). Milleniallen kasuan ere Youtube da aipatuena (%78), eta ondoren Facebook (%72) eta Instagram (%52). Belaunaldi zaharragoetan Facebook da nagusi.
Kontsumoa eta eragin emozionala
Inkesta erantzun dutenen %42k aitortu du eduki digital gehiegi kontsumitzen dutela, eta %36k adierazi du beraien aldartea sarritan kaltetzen dela sare sozialetan ikusitako zerbaitengatik. Z belaunaldia izan da gehiegizko kontsumoz arduratuen dagoena, %66k partekatu baitu sentipen hori. Gainera, hilean hiru bat aldiz errudun sentitzen direla ere ohartarazi dute erantzun dutenek.
Ikerketaren txostena hemen irakur daiteke.