Egunsentia, pantaila bidez
Zer egin kutsadurak Pekingo zerua erabat estalita ondoren? Eguzkiaren irteera streaming bidez ikusi!
Ongi etorri Blade Runner filmera. Errealitatea suntsitu dugunez, zergatik ez jo teknologien edertasunera? Hori da iragarki kanpaina batek proposatutako konponbide magikoa kutsaduraren ondoriorik tristeenetako bat ezkutatzeko; egunsentiaren desagerpena, hain zuzen. Goiko irudia 2014 urtekoa da; orain, 2019an, kutsadura mailak gora egin du.
Pekinen, CO2 maila altuek ezinezko bihurtu dute goizetan eguzkiaren irteera ikustea azken urteetan; horren ordez, inoiz desagertzen ez den laino beltz bat besterik ez dute ikusten hiriburuan egun gehienetan. Fenomeno horri etekina atera nahian, LED telebistak iragartzen dituen enpresa batek pantaila erraldoiak ezarri zituen kaleetan, egunsentia zuzenean eskainiz, Airpocalypse izeneko kanpainaren barruan.
Zoritxarrez, eguzkiaren desagerpena ez da kutsaduraren ondorio latz bakarra; hiriburuan bizi diren txinatarrek maskara eraman behar dute egunero kalean, eta beren arnas aparatuak nabarmen kaltetu dira, asma, minbizia eta bestelako gaixotasunak garatuz. Azken ikerketen arabera, txinatarren bizi itxaropena bost urte gutxitu da, arnasten duten airearen kalitate kaxkarra medio. Herrialdearen iparraldean bizi direnak dira kaltetuenak.
Oraindik ez da egoerari buelta emateko beranduegi, eta gobernu txinatarra hasi da neurriak hartzen; azkena, Quinghaiko errepidea egiteko erabili duten teknika berriatzailea; hain zuzen 50 kilometroko errepidea eraiki dute zuhaitz bakar bat ere bota gabe. Bost urte behar izan dituzte errepide hau ahalik eta modu jasangarrienean eraikitzeko, eta 67 mila zuhaitz salbatzea lortu dute.
Txinatarrek kutsaduraren aurka hartu duten beste neurrietako bat autoak hirietan debektatzen hastea da; aldi berean, carpooling egiten hasi dira, hau da, lanerako bidean kotxea elkarbanatzea.