Eider Rodriguezek irabazi du I. Xabier Lete beka

Eider Rodriguezek irabazi du I. Xabier Lete beka Fikziozko lehen eleberria idatziko du Rodriguezek, eta istripu batek bizitza aldatuko dion unibertsitateko irakaslea izango da protagonista. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eider-rodriguezek-irabazi-du-xabier-lete-beka/@@download/image/eider.jpeg
2024/09/16
Fikziozko lehen eleberria idatziko du Rodriguezek, eta istripu batek bizitza aldatuko dion unibertsitateko irakaslea izango da protagonista.
Eider Rodriguezek irabazi du I. Xabier Lete beka

Euskarazko Literatura Sorkuntzarako Xabier Lete Bekako adituen batzordeak Eider Rodriguez Martin idazlea izendatu du bekaren irabazle, Istripu baten kronologia izenburuko proiektuagatik. Unibertsitateko emakume irakasle baten istorioa kontatuko du lanak. Irakasleak bizitza egonkorra du itxuraz, baina uko egin die bere ametsei, lasaitasun ekonomikoaren truke. Trafiko-istripu batek bizitza hondatuko dio. 

Adituen batzordearen aktaren arabera, “istripu baten testu kronologikoak unibertsitateko irakasle bat du protagonista. Tramak gertakari pertsonalak eta kolektiboak, gatazka pertsonalak eta sozialak uztartzen ditu. Esan daiteke sakoneko gai nagusiak indarkeria eta identitatea direla. Gure gizartean urratuta eta konpondu gabe geratu diren eta arrakalak utzi dituzten gaiak agertzen dira. Narratiba errealista baten bitartez, erakutsi egiten da kontatu ordez. Kontakizunaren indar iradokitzailea nabarmena da, eta, horregatik, deskribapenek balio metaforiko handia hartzen dute eta elkarrizketek pertsonaien izaera islatzen dute. Pertsonaia nagusiaz gain agertzen diren pertsonaien multzoa konplexua da, eta idazleak pertsonaien psikologian sakonduko duela suma daiteke. Azkenik, estiloa zuzena eta hotza da lehen begiratuan, baina, aldi berean, poetikoa, musikaltasunera hurbiltzen dena".

Euskal Herrian kokatuko du kontakizuna, ETAren amaieran ondorengo garaian: "Egia interesatzen zait gai nagusi gisa, baina baita trauma, indarkeria, mina, leialtasuna eta leinua (euskal identitatearen zentzuan) ere. Izan ere, egoera aldatu egin da, baina alderdi ugariri buruz hitz egin beharra dago oraindik".

Rodriguezek ipuin liburuak idatzi izan ditu batez ere, baina fikziozkoa ez den eleberria kaleratu zuen 2021ean, Eraikuntzarako materiala. Oraingoa fikziozko eleberria izango da, baina egileak azaldu duenez, hori izango da berritasuna, bestelakoan "aurreko lanen antzekoa" izango baita eta "hizkuntza laua" erabiliko baitu.

Idazleak 70.000 euroko laguntza ekonomikoa izango du, urtebetez proiektua gauzatzeko dedikazioa errazte aldera.