Loraldiak ekainaren 24tik 28ra egingo du Lekeitioko Sormen Astea
Unai Elorriaga, Josu Aurrekoetxea, Maialen Lujanbio, Gari, Anari eta Dantzaz konpainiak hartuko dute parte.
Loraldiak hirugarren Sormen Astea egingo du Lekeition, ekainaren 24tik eta 28ra, Ikusten da porturik? lelopean. Musika, zinea, literatura, dantza eta performancea izango dira.
Unai Elorriagak eta Josu Aurrekoetxeak Odola kantari literatura eta musika ikuskizuna taularatuko dute Azkue Aretoan, ekainaren 24an. Literaturako bi gai nagusiak maitasuna eta heriotza direla esan izan da, eta jendeak uste du maitasunari buruz idatzi dela gehien. Ikuskizun honetan hori guztiz egia ez dela erakusten saiatuko dira, asko kantatuko zaiolako heriotzari, gerrari, hilketari, odolari. Hitzaldi musikatu formatua izango du, ikus-entzunezkoen laguntza ere baduena.
Gari musikariak Behin bizitea azken diskoko kantuak aurkeztuko ditu ekainaren 25ean, Ikusgarri zineman. Diskoko letrek garrantzia nabarmena dute, eta gehienak egile ezagunek idatzi dituzte, hala nola Txuma Murugarren, Jon Benito, Karmele Jaio eta Iñigo Astizek. Bakarka arituko da bere ahotsa eta gitarrarekin, eta azken diskoa aurkezteaz gain, aski ezagunak diren beste hainbat abestiz osatutako errepertorioa eskainiko du.
Maialen Lunjanbiok rr, performancea erakutsiko du ekainaren 26an, Azkue Aretoan. Hitzez eraikitako errezitaldia da. Hizkuntza, bere azal eta mami, modu plastikoan erabiltzen du: hotsez, testu idatzi bidez, hitz lauz, bertsoz… eta soinu pregrabatuekin eta pantailako proiekzioekin interakzioan osatzen da emanaldia.
Anari musikaria bakarka arituko da ekainaren 27an, Ikusgarri zineman. Gari eta goroldiozko (Susa, 2022) liburua kaleratu zuen duela bi urte, eta Giza zarata (Tristuraren industria, 2024), bere ibilbideko azken diskoaren aurkezpen kontzertuak egiten ari da.
Azkenik, Dantzaz konpainiak Itsasmina ikuskizuna ekainaren 28an, Ikusgarri zineman. Zinema eta dantza uztartzen ditu, eta kostaldeko herri baten eta itsasoaren XXI. mendeko harremanaz gogoeta egiten du: nola jarraitu harmonian bizitzen?. Hasiera batean filma proiektatuko da eta jarraian, eszena berean eta gai berarekin, dantza koreografia plazaratuko dute.
Emanaldi guztiak 20:00etan izango dira eta sortzaileekin solasaldiak ere egingo dituzte.