Ekainean egin ditzakezun zortzi gauza LGTBI+ komunitatea babesteko

Ekainean egin ditzakezun zortzi gauza LGTBI+ komunitatea babesteko Ekaina, harrotasunaren hilabetea da, ospakizun eta borroka hilabetea LGTBI+ komunitatearentzat. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ekainean-egin-ditzakezun-zortzi-gauza-lgtbi-komunitatea-babesteko/@@download/image/LGTBI.jpg
2024/06/14
Ekaina, harrotasunaren hilabetea da, ospakizun eta borroka hilabetea LGTBI+ komunitatearentzat.
Ekainean egin ditzakezun zortzi gauza LGTBI+ komunitatea babesteko

Historian zehar, pertsona lesbianek, gayek, bisexualek edota transek erronka handiei aurre egin behar izan diete, eta oraindik ere berdintasunaren, onarpenaren eta errespetuaren alde borrokan jarraitzen dute.

Hau gogorarazteko, eta egiteko gelditzen den bideaz hausnartzeko, ospatzen da harrotasunaren hilabetea. Izan ere, oraindik, aniztasuna eta inklusioaren bidean, oztopo ugari topatu daitezke.

Hilabete honek lortutakoa goraipatzen badu ere, gogorarazten digu, pertsona bakoitzak, ardura bat ere baduela, gure orientazio sexuala dena delakoa izanda ere. Gure parte hartzea beharrezkoa da mundu justuago bat lortzeko. Honegatik, hona hemen harrotasunaren hilabete honetan, LGTBI+ komunitatea babesteko, guztiok egin ditzakegun ekintza esanguratsu batzuk:


1. Harrotasun martxara eta ekitaldietara hurbildu: Harrotasun desfileak modu bikaina dira komunitatea babesteko eta ospakizunaz gozatzeko. Bilatu zure inguruko herri eta hirietako ekintzak eta batu mugimendura.

2. Hezkuntza eta kontzientziazioa: LGTBI+ mugimenduaren historian murgildu. Hartu denbora eta ikertu komunitate honek, eskubideak eskuratzeko zenbat borrokatu behar izan duen. Ezagutu berdintasunaren bidean garrantzitsuak izan diren aktibista eta jazoera historikoak. Ikasitakoa lagun eta senitartekoekin partekatzea ere garrantzitsua da. Errespetuan oinarritutako elkarrizketa irekiak mantendu zure hurbilenekoekin eta indartu ingurune inklusiboa zure zirkulu sozialetan. 

3. Babestu: LGTBI+ elkarte askok jarduera solidarioak antolatzen dituzte harrotasunaren hilabetean. Jarduera hauetara batu zaitezke boluntario moduan, zure donazioa egin, -ahal duzun neurrian-, edota kontzientziazio kanpainetan parte hartu.

4. LGTBI+ ahotsak anplifikatu: Erabili zure sare sozialetako plataforma gustukoenak LGTBI+ komunitateko pertsonen esperientziak eta ahotsak partekatzeko. Albiste garrantzitsuak ere partekatu, baita eduki didaktikoa ere... edozer, inklusioa eta errespetua zabaltzen laguntzen badu.

5. LGTBI+ negozioak babestu: Egin zure erosketak kolektiboko dendetan eta joan bazkaldu edo afaltzera LGTBI+ pertsonek kudeatutako jatetxeetara. Euren produktuak erosi edo euren zerbitzuak erabiltzean zure babesa adierazten ari zara, arrakasta izan dezaten laguntzen duzu eta ekonomia inklusibo eta jasangarria babesten duzu.

6. LGTBI+ gazteria babestu: LGTBI+ erakunde gazteak bilatu eta informatu nola lagundu zenezakeen euren lana zabaltzen. Babes mota honek modu esanguratsuan eragin liezaiekete.

7. Jarduera kulturaletan parte hartu: Hiri eta herri askotan LGTBI+ kolektiboaren harrotasuna ospatzeko ekintza kulturalak burutzen dira. Arte erakusketak, antzerkia, pelikulak…

8. Auto-adierazpenak eta sorkuntza: Animatu zure identitatea esploratzera eta zure genero adierazpenetan sakontzera. Adibidez, arropa janzkera estilo berriekin esperimentatu zenezake, zure barnekoa benetan islatzen duten arropak erabiliz edo sorkuntza jardueretan parte hartu, sentitzen duzun hori esploratzeko.

Harrotasunaren hilabeteak aniztasuna ospatzeko eta eskubide berdintasunen alde borrokatzeko aukera eskaintzen digu. Inklusioa bultzatzen duten jardueretan aliatu izan eta parte hartzean eragin positiboa sortu genezake gure inguruan, gizarte justuago bat eraikiz.