Emakumeek 36 urtetik aurrera edukitzen dituzte orgasmo onenak
2.600 neska elkarrizketatu dituen azterlan batek atera duen ondorioa da
Natural Cycles aplikazioak burutu duen ikerketa baten arabera, emakumeek 36 urtetik aurrera izaten dituzte plazer handieneko orgasmoak. Alaitu bihotzak eta gorputzak, onena iristear da eta!!
Guztira mundu osoko 2.600 neskak hartu dute parte, adin ezberdinetakoak. Ikerleek hiru multzotan sailkatu dituzte: 23tik beherakoak, 23–35 bitartekoak eta 36tik aurrerakoak. Autokonfiantza mailari buruz, bere erakargarritasun sexualaren gaineko pertzeptzioari buruz eta asebetetze mailari buruz galdetu diete guzti-guztiei.
Eta ondorio nagusia biribila izan da: “Zenbat eta helduagoa izan, nork bere burua hobeto ezagutu eta nork bere buruarengan konfiantza handiagoa izan, orduan eta atsegingarriagoa da sexua”, azaldu du Amanda Bonnier ikerketa-buruak.
36tik gorako emakumeen %86k aitortu dute galdeketa aurreko lau asteetan zehar gutxienez orgasmo zoragarri eta izugarri bat eduki dutela. %81ek bikote egonkorra dutela diote, eta hori lagungarria dela konfiantza, elkar ezagutza eta gustuen gaineko ezagutza elikatzen duen neurrian.
35 urtetik beherako bi multzoetan sailkatutako emakumeek, ordea, euren burua sexyagotzat duten arren eta esperientzia berriak probatzeko gogo biziagoa azaltzen duten arren, ez dute halako emaitza baikorrik ematen asebetetzeari dagokionean: orgasmo gutxiago eta eskasagoak izaten dituzte.