Emakundek aurkeztutako datuen arabera, 15 eta 19 urte bitarteko nerabeak dira maskulinitatearen inguruko ideia atzerakoienak dituztenak

Emakundek aurkeztutako datuen arabera, 15 eta 19 urte bitarteko nerabeak dira maskulinitatearen inguruko ideia atzerakoienak dituztenak Gazteek, 15-29 urte artekoek, azaleratu dute sentimendu feministarik handiena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakundek-aurkeztutako-datuen-arabera-15-eta-19-urte-bitarteko-nerabeak-dira-maskulinitatearen-inguruko-ideia-atzerakoienak-dituztenak/@@download/image/pexels-chuchuphinh-1116304.jpg
2025/03/04

Testua: Maitane Legarreta
Grafikoak: Emakunde

Gazteek, 15-29 urte artekoek, azaleratu dute sentimendu feministarik handiena.
Emakundek aurkeztutako datuen arabera, 15 eta 19 urte bitarteko nerabeak dira maskulinitatearen inguruko ideia atzerakoienak dituztenak

Emakundek Maskulinitatearen eraikuntza, jarrerak eta inpaktua EAEko biztanlerian txostenaren berri zabaldu du eta bertan maskulinitatea nola eraikitzen den eta gizon eta emakumeen sozializazioan nola eragiten duen aztertu du Reina Sofia FAD Juventud fundazioak. 'Maskulinitatearen kutxa' kontzeptua erabili dute, herritarrek maskulinitatearen ikuspegi kontserbadorearekiko duten hurbiltasun edo urruntasuna azaltzeko. Gizon izateak zer esan nahi duenari buruzko estereotipoak, aurreiritziak, balioak, sinesmenak eta mandatuak biltzen dituzten adierazle zerrenda erabili dute eta biztanleek harekiko duten adostasun maila neurtu.

Ohiko maskulinitate hegemonikoaren ereduaren kontrako posizionamendua agerikoa da. Hala ere, gizonek emakumeek baino adostasun maila-altuagoa erakutsi dute eredu tradizionalarekiko: gizonena %16,2koa izan da eta emakumeena, berriz, %7,4koa. Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 4,5 baino ez da maskulinitatearen kutxaren “barruan” kokatzen; erdibideko posizioa (kutxaren ertzean) du % 37,1ak eta kutxatik kanpo dago %58,4.

Adinari erreparatuta, 15 eta 29 urte arteko gazteak ohiko maskulinitate hegemonikotik gertuago daude, zaharragoak direnekin alderatuta. Hain zuzen ere, 15 eta 19 urte arteko nerabeak dira ideia atzerakoiekin gehien identifikatzen direnak. Adin-tarte honetan, %11,2 kokatzen da kutxaren barruan, eta beste guztietan dezente baxuagoa da portzentaje hori; hurrengo altuena, 25 eta 29 urte artekoena da, %7,1. Kutxatik kanpo kokatutakoen portzentajerik baxuena ere, %37,7koa, nerabeen artean ematen da; beste adin-tarte guztietan portzentaje hori %48 eta %67 artean dago.

Gizonen artean joera hori nabariagoa da. Izan ere, 15 eta 19 urte bitarteko gizonen % 22,5 kutxaren barruan kokatzen da, %60 ertzean eta %17,5 baino ez da kokatzen kutxatik at. Adin horretako emakumeen kasuan, aldiz, ia ez da emakumerik kokatzen kutxaren barruan, %40,5ak kutxaren ertzeko posizioak agertzen ditu eta %59,5 kutxatik at kokatzen da.

"Benetako emakume eta gizonak"
Gazteak dira "benetako gizona edo emakumea" izateari buruzko nozioak gehien entzuten dituztenak, txikitatik eta gertukoen aldetik. Gizonezkoei buruzkoak mutilei adierazten zaizkie gehien eta emakumezkoei buruzkoak neskei. 15 eta 29 urte artekoak dira gehien aditu dutenak, %61,6k izan baitu esperientzia hori, eta besteen kasuan portzentajea %55ekoa da.

Gazteen % 24,9k dio “benetako gizonak heterosexualak direla”, beste adin tarteetan baino kopuru altuagoa da argiki. Joera berbera ikusten da “benetako gizon bat inoiz ezin da afeminatua izan” baieztapenaren inguruan: gazteen % 22,6ko ados dago horrekin. “Emakumeek ez dituzte bilatzen beren itxurarekin eta janzkerarekin asko kezkatzen diren gizonak” ustearen aurrean, gazteen %23,7ko ados dago horrekin, eta portzentajea %11 ingurukoa da beste bi adin-tartetan. “Beste batzuen abusua jasaten duenean bere burua defendatzen ez duen gizona ahula da” baieztapenarekin ados dago %24,6.

15 eta 29 urte bitarteko gizonak dira "benetako gizon batek era zehatz batean jokatu behar duela" adierazpena jaso dutela gehien adierazten dutenak. 

Feministak al gara?
Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direnen ia erdiak (%49,6) dio ez dela feminista sentitzen; horren aurrean, %38,9 sentitzen da feminista. Generoari begiratuta, gizonen %29,5 baino ez da feminista sentitzen, eta emakumeen %48,3. Adinari erreparatuta, adin-tarterik gazteenak (15-29 urte) azaldu du sentimendu feministarik handiena, %46,1; 30-49 urte bitartekoen artean, %33,9 sentitzen dira feminista, eta 50-65 urte bitartekoen artean, berriz, %40,5.

Txosten osoa hemen irakur daiteke.