Eneritz Borinaga: "Indarrak agortzen zaizkizunean, estrategia da salba zaitzakeen bakarra"

Bi urte eskasean Euskal Herriko boxeoan erreferente bihurtzeko denbora izan du Eneritz Borinagak. EAEko txapelduna da boxeo olinpikoan, 54 Kg. arteko kategorian.



Erandion eta Urdulizen entrenatzen dira Basakick taldeko boxeolariak. Guk Urdulizko Iparralde Kiroldegian egin dugu hitzordua Eneritz Borinagarekin (Plentzia, 1988). Kirol instalakuntzetan dagoen giroa ikusita, ez dirudi 3.600 biztanle pasatxotako herria denik. Frontoian gaztetxoak pilotari ematen, probalekuan sokatiralariak beroketa ariketak egiten, igerilekua beteta... Herri askotako biztanleek nahi lukete horrelako kirol aukera euren kiroldegian.

Eskularru kolpe hotsik ez da entzuten ordea. Ate batetik barrena eskaileretan behera eraman gaitu Eneritzek, behinola biltegia izango zenaren lekura. Eta han bai, entzuten dira boxeo kolpe samur batzuk, pisuak altxatzeko dauden hiruzpalau makinetatik haratago. Hala ere, kolpeen gainetik entzuten direnak umeen barreak dira, korridore luzean zehar, hainbat tatamiren gainean, bi neska entrenatzaileren esanetara ukabilak luzatzen ari diren gaztetxoenak. Ahalik eta gutxien molestatuz, eskuak zintaz babestu bitartean lehenik, eta eskularruak jantzita ariketa ezberdinak egiten gero, Eneritzi argazkiak egin dizkio Galder Izagirrek. Eta konturatu orduko, jolasean ari ziren umeen lekua hartu du neska-mutil gazte talde zabal batek. Disziplinaz, irakasleak adierazitako mugimenduak egiten ari dira ispilu aurrean, dantza klase batean egingo luketen antzera. Binaka jarri dira ostean, eta orduan bai, kolpe hotsak, eta hatsak, sendotu dira. Lasaitasun bila igo gara gora.

Nola hasi zinen boxeoan?

Futbolean zazpi urtez aritu nintzen, gero snowboardari ekin nion, baina belaunean min hartu nuen, eta orduan erabaki nuen boxeoa probatzea, eta Basakicken sartu nintzen. Entrenatzea beste asmorik ez nuen, baina otsailean hasi eta uda heldutakoan entrenatzaileak intergym bat egitea proposatu zidan. Intergyma entremenduaren eta borrokaren erdibideko zerbait da, ez da indar guztia erabiltzen, eta ez dago irabazlerik. Baietz esan nion. Hori irailean izan zen, eta abenduan lehenengo borroka egin nuen.

Nolako da zure ohiko entrenamendua?
Normalean borroka bat prestatzera bideratzen dira entrenamenduak, eta egun bakoitzean gauza ezberdinak lantzen ditugu. Ia beti errepikatzen dena zakuarekin entrenatzea da, hori da nire ustez gogorrena, eta bestela pisuak altxatzea, korrika egitea, igeri egitea, eta abdominalak eta flexioak. Labur esanda, ariketa kardiobaskularra, pisuak altxatzea eta zakua. Hori alderdi fisikoari dagokionez. Baina alderdi teknikoak ere berebiziko garrantzia du, eta beraz, teknika landu eta borrokarako taktika prestatzeko entrenamendu saioak ere egiten ditugu.

Zakuarekin entrenatzea baino dibertigarriagoa izango da beste batekin entrenatzea, ezta?
Bai, eskuzorroak erabilita binaka ere entrenatzen dugu. Baina desabantaila bat du, eta zera da, eskuzorroak dituena aditua izan behar dela, zuk gogor jo eta ganoraz entrenatu ahal izateko. Baina aditu batekin entrenatzerik baduzu, ezin egokiagoa da, borrokaren simulazioa egiteko egokia baita. Nire borrokak bi minituko lau asaltokoak izaten dira, eta horren simulazioa egiten dut, batzutan zakuarekin eta besteetan eskuzorroekin.

Gantxoa, krotxeta... izen teknikoak ikasteko ikastaro teorikorik egin behar al da?
Ez, praktikarekin ikasten da. Are gehiago, lehenengo egunean jada kolpe guztiak zein diren ikasten duzu, ez dira asko eta: zuzena, krotxeta, gantxoa eta gantxo eta krotxearen erdibidekoa dena, hook bezala ezagutzen dena.

Boxeoa pisuaren arabera mailakatzen da. Zu zein tartetan sartzen zara?
Emakumezkoetan, amateurretan, 51 eta 54 kilo artekoan nago nik, oilar kategorian. Azpitik, 48 eta 51 kilo artekoa, euli kategoria da, eta gainetik, 54 eta 57 artekoa, luma kategoria. Kontua da norberari komeni zaionaren arabera erabaki behar dela zein pisutan sartu. Niri oilar kategorian lehiatzea komeni zait, neskak nire altuerakoak direlako. Goragoko mailetan altuagoak dira, beso luzeagoak dituzte, eta beraz, nik eurei kolpeak sartzea zailagoa da. Nire gorpuzkeragatik asko kostatzen zait 54 kilotik gora ez joatea, eta txarto pasatu izan dut mugan mantentzeko, baina lehiaketari begira komenigarria zait. Norbere ezaugarri fisikoen arabera aukeratzen da tartea, eta baita momentu horretan zure tartean edo goian eta behean nor dagoen kontuan hartuta ere. Ziur badakizu goragoko mailan garaituko ez duzun norbait dagoela, komeni zaizu pisua jaistea eta beheko mailan aritzea, adibidez.

Indarra izatea garrantzitsua da, baina bizkortasuna ere bai, ezta?

Argi dago pisuak altxatuz entrenatzea beharrezkoa dela, baina ez zara pasatu behar. Bolumen handia hartzen baduzu, nire kideei gertatu izan zaie, bizkortasuna galtzen duzu, eta ondorioz borrokarako ez duzu zeure burua ondo ikusten. Hobeto da muskulu-masa pixka bat gutxiago izatea, bizkortasuna beharrezkoa baita.

Lanbidez fisioterapeuta zara. Norbere gorputza ondo ezagutzea ere garrantzitsua izango da, ezta?

Bai, boxeoan gorputza beti mugan daukagu. Ia egunero entrenatzun dugu, astean sei aldiz, asko da, eta garrantzitsua da bakoitzak bere mugak non dituen jakitea, batez ere, lesioak ekiditeko. Ia ezinezkoa da borroka batera arazorik gabe heltzea, beti izango duzu zerbait. Nire puntu ahula adibidez belauna da, eta besteren batek eskumuturrean izango du mina, edo zaintiraturen bat... Ondorioz, ahalik eta ondoen egoteko, entrenatzaileak jartzen dizun entrenamenduari zorrotz kasu egitea da gakoa, zure baliabideetatik haratago joan ez zaitezen mugatuta dagoelako. Batzutan pentsatzen duzu oso ondo zaudela, eta gehiago entrenatuz gero hobeto helduko zarela borrokara. Baina hori ez da egia.

Gogoratzen duzu zure lehenengo borroka?
Bai, Gasteizen izan zen duela urtebete. Aurkaria ni baino handiagoa zen, ziur aski sekula izan dudan aurkaririk handi eta altuena. Gerora izandako borroketan agian buelta gehiago eman dizkiot buruari, ringean bertan ere pentsatzeko beta gehiago izan dut, baina lehenengo borroka hartan, ringera igo eta boxeatu besterik ez nuen egin, ezertan pentsatu gabe. Nik asko gozatu nuen, baina nire aitak oso txarto pasa zuen...

Boxeolariaren helburua aurkaria KO utzita borroka irabaztea dela esan daiteke. Ziur filmetan ikusten dena baino zailagoa dela.
Oso zaila da, ezohikoa. Asko entrenatu eta prestatu behar duzu, erne egon eta ukabila sartzen dizunean bizkor ibili, tartea aurkitu eta zuk kontrako kolpea sartu hutsunea dagoen lekutik. Eta ez hori bakarrik, lurrera erortzeko, gainera, puntu justuan jo behar duzu. Jendeak beharbada usteko du boxeoan kolpeak bata bestearen ostean ematearen ondorioz erortzen dela aurkaria, baina ez da horrela, kolpeak ez dira botatzearren botatzen, asko pentsatu behar duzu.

Zenbateko garrantzia du orduan indarrak edo erresistentziak, eta zenbatekoa teknikak edo estrategiak?
Nire ustez garrantzitsuena mugikortasuna da, hankekin ondo ibiltzea, segundo bakar batean ere leku berean ez egotea. Horretaz gain, teknika eta estrategia ere oso garrantzitsuak dira. Kontua da indarrak agortzen zaizkizunean, fisikoak ez dizunean gehiagorako ematen, estrategia dela salba zaitzakeen bakarra. Adibidez, pisuan sartzeko jan gabe joan bazara borrokara, burukomina badaukazu edo gripe pixka bat, ez dakizu indarrek egun horretan noraino lagunduko dizuten. Baliteke aurreko entrenamenduetan bikain aritu zara, baina momentu horretan ez zaude ehuneko ehunean. Egun horretan borroka erdian indar gabe, hutsik geratzen bazara, estrategia egokirik gabe galduta zaude.

Noizbait lehiakideren bati koska egin diozu, edo gogorik izan duzu horrelakorik egiteko?
Ez, ez. Horrelako gauzarik ohikoena burukadak izaten dira, agian gehiegi jaitsi duzulako burua, edo bi aurkariek altuera ezberdina dutelako. Baina ez da ohikoa, Mike Tysonek egindakoa salbuespena da.

EAEko txapelduna zara boxeo olinpikoan zure pisuan. Helburu bat lortu duzu?
Beno, egia esan Bizkaiko eta Euskadiko txapelduna izan naiz, baina borroka bana bakarrik eginda, eta bi kasuetan neska beraren kontra. Hala ere, lehen borroka egin nuenetik urtebete baino ez da pasa, eta beraz, pozik nago. Mutilen kasuan, hiru edo lau borroka egin behar izaten dituzte titulu bera lortzeko, baina beno, nik lortutakoak ere badu bere meritua. Azken finean, eurek beste entrenatu dut, asko sufritu dut, eta uste dut horrek ere merezi duela errekonozimendua.

Ezberdintasunik badago nesken eta mutilen konpetizioen artean? 
Ezberdintasun nagusia iraupenean dago. Boxeo olinpikoan, adibidez, nesken borrokak bi minutuko lau asaltokoak dira, eta beraz, estrategiara zuzenduta dago gehiago alderdi fisikora baino. Mutilen boxeo olinpikoan aldiz, hiru minutuko hiru asalto izaten dira. Jendeak pentsa dezake minutu bakar bat gehiago izatea ez dela garrantzitsua, baina aldea sekulakoa da. Minutu bakar hori oso oso gogorra da. Nik normalean hiru minutuko saioak eginez entrenatzen dut, eta asko nabaritzen da. Gizonezkoen eta emakumezkoan arteko gaitasun ezberdinatsunetara egokituta daude konpetizioaren ezaugarriak.

[Emakumezkoen boxeoa 2012ko Londresko Joko Olinpikoetan izan zen lehen aldiz kirol olinpikoa. Gizonezkoena, aldiz, 1904tik.]

Nolakoa da gimnasioan mutilekin duzun harremana? Babesten zaituztela uste duzu?
Babestu... ez pentsa, oso gogor jotzen naute! Basakicken lehiatzen ari den neska bakarra naiz, eta eurekin entrenatzen dut, baina egia da oso ondo zaintzen nautela, eta oso harreman ona dugu denon artean. Ez daukat kexatzeko arrazoi bakar bat ere.

Eta entrenatzailearekin nolakoa da harremana? Suposatzen dut boxeoan berebiziko garrantzia duela.
Bi entrenatzaile dauzkat, eta argi dagoena da eurak borrokaren momentuan nirekin ez baleude, ez nintzatekela berdin lehiatuko. Entrenatzaileak motibatu egiten zaitu, eta batez ere, oso ondo ezagutzen zaituenez, badaki momentu bakoitzean nola zauden. Oso harreman ona dugu, konfidantza handikoa.

Hurbilago dago lagunetik, entrenatzailetik baino?
Baliteke. Orain nire entrenatzaileak nire bizitza sozialean oso garrantzitsuak dira, nire bizitza asko aldatu baita boxeoan hasi nintzenetik. Nire lana boxeoaren arabera antolatzen dut, lagunak oso gutxi ikusten ditut, amarekin, aitarekin eta ahizparekin oso gutxi egoten naiz, eta gainera, etxera heltzen naizenean guztiz nekatuta nagoenez ez dut inorekin berba egin nahi izaten. Azkenean nire bizitza soziala gimnasioan egiten dut, eta polita da. Baina era berean, konpromiso handia ere eskatzen du, nik eurekiko eta eurek nirekiko.

Euskaldunak boxeozaleak gara?
Esaten dutenez, boxeoa azken urteetan oso geldirik egon da hemen, baina orain berriro ere hazten ari da. Ekitaldi piloa antolatzen dira, eta jendea ikustera joaten da. Gainera, giro oso ona dago boxeoaren inguruan. Jendeak uste dezake giro makarra edo dagoela, baina ez da egia, inondik inora. Adibidez, Urdulizen antolatu genuen azken ekitaldira gurasoak haurrekin etorri ziren, umeak inguruan jolasten ikus zenitzakeen, giro oso ona dago. Gainera borroka bakoitza amaitzen denean lehiakideek elkar besarkatzen dute beti, eta kiroltasuna da nagusi.

Euskal Herrian ETBko 'Boxeo izarrak' saioa erreferente izan da, eta jarraitzaile finak ditu. Zuk telebistan boxeoaren jarraipenik egiten duzu?
Nohizbehinka ikusten ditut boxeo borrokak telebistaz, baina egia da ez dudala sekulako zaletasunik, ez nahiz Interneten egunero boxeoaren inguruko informazioa kontsultatzen aritzen. Borroka baten aurretik, agian, ikusten ditut borroka jakin batzuk, motibatzeko, baina bestela ez gehiegi.

Boxeolaria pertsona biolentoa dela uste duenari zer esango zenioke?
Nire kasua adibidetzat hartzeko. Ni ez naiz batere pertsona biolentoa, unibertsitate ikasketak ditut, lan normala daukat, ikasten jarraitzen dut, eta kirol hau praktikatzen dut futbola, eskubaloia edo saskibaloia praktikatzen duen beste edozein gaztek bezala. Topiko horiek baztertu egin behar ditugu. Aurreiritziz jositako berbak esan aurretik, hurbil daitezela gimnasio batera, han dagoen jendea ezagutu dezatela, neska zein mutil, adin ezberdinetako jendea, umeak ere bai, eta gero eman dezatela iritzia.

Bai, ume eta gazte asko ikusi dut. Zein adinekin hasten dira?
Hiru edo lau urtetatik aurrera jada has daitezke kirola ezagutzen. Kontuan hartu boxeoa eskola kirolean ere sartu dutela. Azken finean, ez du judoa edo taekwondoa praktikatzearekin apenas ezberdintasunik. Boxeoa oso aberatsa da umeentzat, adibidez psikomotrizitatea eta elastikotasuna asko lantzen dira. Eta umeek oso ondo pasatzen dute, jolas asko egiten dituzte. Gaztetxo horietatik aterako dira benetako gerlariak. Nik hamaika urteko lehengusina bat dut, eta jarraitzen baldin badu, oso maila altua lortuko du. Sokarekin saltoak egiten ikusten dituzu eta konturatzen zara zein onak diren. Jarraitzen badute nik ez daukat zereginik euren aurka.

Aldiz, zu 23 urterekin hasi zinen boxeoan. Edozein adin izan daiteke egokia?
Bai, gustuko baldin baduzu eta serio hartzen baduzu, bizitzako beste edozein arlotan bezala, gogoa jarrita nahi duzuna lor dezakezu.

Zergatik animatuko zenituzke gazteak, eta batez ere, neskak, boxeoa praktikatzera?
Alde batetik, oso kirol fisikoa delako, gorputza forman eta osasuntsu izateko paregabekoa da, indartsu jartzen zaitu. Bestetik, norbere buruarekin konfidantza izaten ere laguntzen du. Eta garrantzistuena, oso ondo pasatzen da. Oso kirol konpletoa da, denetik dauka. Jendea probatzera anima dadila, frogatzen duenak gustuko izango duela zalantzarik ez dut eta.

Eneritzen kuttunak


Liburu bat: Le Petit Prince (Antoine de Saint-Exupéry, 1943).
Film bat: Pulp Fiction (Quentin Tarantino, 1994).
Abesti bat: Stairway to Heaven (Led Zeppelin).
Kolorea: Berdea.
Miresten duzu... Ama.
Ez duzu sekula ahaztuko... Hegazkin batera igo nintzen lehenengo aldia.
Desio bat: Espainiako txapelduna izatea 54kg-tan.