Errenteriako 11 Kolore jaialdia gaur hasiko da
Erakusketa, rol jokoak, dantza, gastronomia eta beste hainbat jarduera egingo dituzte hilaren amaiera aldera arte.
Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da maiatzaren 21ean, eta egun horren aitzakian, 11 Kolore jaialdia egiten dute Errenterian urtero. "Errenteria kulturanitza dela ez dago dudarik, eta horrenbestez, jardunaldi hauen filosofia horixe da: guztiok bat egitea, partekatzea, elkar ezagutzea eta gure bizilagunengandik gertuago sentitzea", azaldu dute.
Gaurtik hilaren 29ra izango da jaialdia eta askotariko jarduerak izango dira egitarauan, hala nola topaketak, dantza eta musika. Horretaz gain, herriko eskoletako ikasleek eta ludotekek egindako apaingarriekin apainduta egongo da herria: kaleak, dendak, tabernak…
Migrantas: hain gertu eta hain urrun izeneko erakusketa zabalduko dute gaur, jaialdia amaitu arte bisitatu ahal izango dena. Iritsi berri diren emakumeek jasaten dituzten egoerei buruz hausnartzeko eta horretaz jabetzeko erakusketa da. Aurkezpena eta solasaldia egingo dute, 18:00etan, Emakumeen Etxean.
Bestetik, hizkuntza eta mundu baten sorkuntza planteatzen duen Dialect mahai rol jokoa ere egingo dute ostiralean, 12 urtetik aurrerakoentzat.
Musikal parte-hartzailea ere bada ekintzen artean, aniztasuna aldarrikatu eta balioan jarriko duena. Errenteriako ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute Kontari Landarbasoko abeslariekin batera.
Datorren astean, jolasetik abiatuta, euskara eta harekin elkar-bizi diren hizkuntzen arteko bizikidetzaren inguruan hausnarketa egiteko aukera ematen duen instalazio interaktiboa ere martxan izango da. Hizkuntza, emozioak eta zirrarak ditu ardatz.
Jarduera hauek ere antolatu dituzte: kultura aniztasunaren inguruko gogoeta entretenigarria egiteko ipuin kontaketa saioa; Ben Sharrock zuzendariaren Limbo pelikularen emanaldia; Burubeltz konpartsaren kalejira koloretsua; Familia Lagunekin gastronomia topaketa; dantza jardunaldia eta herriko taberna eta jatetxeetan munduko zaporeak dastatzeko aukera.
Egitarauaren xehetasunak hemen kontsulta daitezke.