Errobi taldeak jasoko du 11. ADARRA SARIA

Ekainaren 21ean izango da sari-ematea ekitaldia eta kontzertua emango dute ondoren.

Errobi talde lapurtarrak jasoko du Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak banatzen duten Adarra Saria. Aholku Batzordeak honako hau azaldu du aukeraketaz: “Errobi taldea erabakigarria izan zen rock progresiboa eta psikodelia Euskal Musikan barneratzeko. 1973tik 1985era arte, Anje Duhalde eta Mixel Ducau buru zituen laukotea euskal musikaren abangoardian jarri zen, eta Euskal Herrian goraipamen gehien jasotako diskoetako bat ekoitzi zuen: Ametsaren Bidea. Zubi bat eraiki zuten belaunaldien artean, eta sortu zituzten abestietako asko gehitu dira herri ondarean”.

Errobik "esker onez eta ohore handiz" hartu du duela berrogeita hamar urte hasitako ibilbideari aitortza egiten dion sariaren berria: “Milesker Donostia udalerriko Kultur sailari gutaz gogoraturik. Gora zuek, gora musika eta gora gure euskara!”.

Errobik ekainaren 21ean, 19:30ean, Victoria Eugenia antzokian jasoko du saria, Marijose Rekalde eskultoreak egindako garaikurra hain zuzen ere. Jarraian, kontzertua eskainiko du Txomin Duhalde (bateria), Rèmi Gachis (gitarra)  eta Iñigo Telletxea (baxua) musikariez lagunduta. Kontzerturako sarrerak gaurtik aurrera izango dira salgai, 20 eurotan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak, Amaia Zubiriak, Joseba Tapiak eta Zea Mays taldeak jaso dute Adarra Saria.