Erromatar Inperioaren antzinako harresiaren argazkiak eta objektuen erreplikak bildu dituzte Bizkaiko Arkeologia Museoan

Forua eta Aloriako euskal aztarnategietako aurkikuntza arkeologikoak ere badira maiatzaren 19ra arte zabalik izango den erakusketan.

Bilbon kokatua dagoen Arkeologi Museoak Erromatar Inperioaren antzinako garaietara bidaiatzeko aukera emango dio bisitariari Hadrianoren Horma erakusketaren bidez. Vindolandan (Ingalaterra) egindako hormaren, indusketen eta aurkikuntza arkeologikoen argazki-sorta jaso dute erakusketan, eta baita zenbait objekturen erreplikak ere, adibidez idazketa-oholtxo delikatuak edo brontzezko ontzi bat, 1725ean aurkitua, Hadrianoren Hormako gotorleku batzuk izendatzen dituena.

Gainera, Forua eta Aloriako (Urduña) euskal aztarnategietako jatorrizko material batzuk ere badira museoan. Hala, Frantziako hegoaldetik edo Ebroko haranetik Forura iritsi ziren kaikuek eta ontziek osatzen dute bilduma, edo enperadoreek jaulkitako txanponek. Txanpon horien artean dago Hadrianoren sestertzio bat ere. 

Horretaz gain, kanpainako boten, egurrezko tresnen, armen edo idazteko oholtxoen argazkiak ikusi ahal izango dira. Aurkikuntza horiei esker hobeto ezagutu ahal izan da Inperioaren periferiako eremu horietako bizimodua eta, beraz, horiei esker jakin da harresia eraiki aurretik bazela han zalditeria barduliar talde bat, gerora Bizkaia eta Gipuzkoa izena hartu zuen eremua hartzen zuten Kantauri ekialdeko biztanleei erromatarrek ematen zioten izena.

Erakusketa Irungo Oiasso Museoak eta Ingalaterrako Vindolanda Charitable Trustek antolatu dute eta Maria Millan da komisarioa. Arkeologi Museoak bi euskal aztarnategietako jatorrizko materialak gehituz zabaldu du erakusgai dagoena. Maiatzaren 19ra arte egongo da irekita. 

122.urtean eraikitako horma
Tyne ibaiaren bokaletik Solwayko fiordoraino Britainia Handia zeharkatzen zuen 118 kilometroko obra erraldoia izan zen Hadrianoren Horma, uhartea bi zatitan banatu zuena. 122. urtearen inguruan eraiki zuten Hadriano enperadorearen aginduz, eta Inperioaren iparraldeko muga seinalatzen zuen.

Bere ibilbidean zehar dorreak zituen ateen eta gotorlekuen alboetan, eta horien artean Vindolandakoa nabarmentzen da; bertan egindako indusketei esker ondo kontserbatutako objektuak berreskuratu ahal izan dira, ingurune anaerobikoan daudelako.