Esne Beltzak otsailaren 1ean emango du azken kontzertua, Bilboko Miribillan

Esne Beltzak otsailaren 1ean emango du azken kontzertua, Bilboko Miribillan Fermin Muguruza, La Pegatina, AMAK eta beste hainbat musikari eta dantzari izango dira oholtzan eurekin batera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/esne-beltzak-otsailaren-1ean-emango-du-azken-kontzertua-bilboko-miribillan/@@download/image/esne beltza.png
2024/09/16
Fermin Muguruza, La Pegatina, AMAK eta beste hainbat musikari eta dantzari izango dira oholtzan eurekin batera.
Esne Beltzak otsailaren 1ean emango du azken kontzertua, Bilboko Miribillan

Esne Beltza taldeak bere azken kontzertua iragarri du. 2025eko otsailaren 1ean izango da, Bilbao Arenan, Miribillan. Esne Beltzak hemezortzi urte beteko ditu datorren urtean eta euren ibilbidea amaitzeko kontzertu berezia antolatu dute. Euren hasiera festa bat izan zela adierazi dute, eta bukaera ere hala izango dela, "denik eta alaiena".

Hauxe azaldu du taldeak amaieraz: "Gure behiak ez du esne gehiagorik, ziklo bat ixten dugu, eta ziklo hori alaia bezain ederra izan dela zabaldu nahi dugu lau haizetara, horregatik nahi dugu ate hori behar den bezala itxi, gu izan garen esentziari helduz". 

Euren ibilbidea bukatzen bada ere, beste batzuk jarraituko dutela nabarmendu dute: "Esne Beltza eman duen behiak baditu txahalak, aratxeak, eta haiek jarraituko dute beren esnea zabaltzen Euskal Herrian, gehien maite dutena eginez, musika eta dantza".

Festa horretan ez dira bakarrik egongo, familia, musikari lagunak, izango baitituzte bidelagun. Fermin Muguruza, La Pegatina, Chambao, AMAK, Juantxo Arakama, Xiberoots, Kimua Dantza Kolektiboa eta El Canijo de Jerez izango dira besteak beste. 

Urte hauetan guztietan eurekin bat egin dutenei errespetua, miresmena eta esker ona adierazi die taldeak, "elkarrekin bihotz forma duen mundu bat" osatu dutelako, "koloretsua eta alaia".  Guztiek Miribillan egoterik izango ez duten arren, haiek gogoan kantatu eta dantzatuko dutela esan dute.

Zaleei bertaratzeko deia egin diete, "Marabilla izango baita Miribilla". Sarrerak bihar, hilaren 17an, jarriko dituzte salgai www.entradas.com webgunean.