ESNE BELTZAREN AZKEN KONTZERTUA GIROTZEKO BOST KANTU
Hainbat urteren ondoren, bere ibilbidea etengo du Esne Beltzak bihar, Bilbon. Azken kontzertua girotzeko kantu batzuk aukeratu ditugu.
Hemezortzi urteko ibilbidea osatu, zortzi disko sortu eta ehunka plazetan jo ondoren, Esne Beltza taldea agurtu egingo da bihar, Bilboko Miribilla auzoko Bizkaia Arenan emango duen kontzertuan. Xabi Solano eta beste taldekideez gain, euren ibilbidean lagun izandako kideak ere bertan izango dira: Fermin Muguruza, La Pegatina, Chambao, El Canijo de Jerez, Juantxo Arakama, AMAK, Kimua dantza taldea... Gainera, Marte Lasarte taldeak joko du euren emanaldiaren aurretik.
Esne Beltzakoek adierazi dutenez, "festa bat izango da bukaera, ahalik eta alaiena. Aldarrikapenak ahantzi gabe, alaitasuna borroka tresna bezala erabili dugulako hasiera beretik". Oraindik ere badira sarrerak salgai, beraz, bizkor ibili azken festa honetaz gozatu nahi baduzu!
Azken kontzertu hau girotze aldera, Esne Beltzaren ibilbideko bost kantu ekarri ditugu hona. Beste batzuk izan zitezkeen, baina hauek ere badira.
1. GOGOAK
2010ean kaleratutako Noa diskoko abestia da hau, eta guztiok abestu dugu kantu honen leloa: "Emaidazu berriro ongi etorria / Zu zara nire poz guztien iturria /Emaidazu berriro ongi etorria/ Gelditzeko nator eta". Italierazko zatiak abesten ere saiatu izan gara, gutako gehienek tutik jakin ez arre2. n. Entzun orduko mugitzeko eta abesteko gogoa sortzen duen abestia.
2. BALTXEKUA
2009an argitaratu zuten Esne Zopak - Esnesaltzailearena diskoa, trikitiaren munduari eskainitako diskoa. Kantu honek mutilek, erromeritik bueltan eta, neskak etxera laguntzen zituzten garaiko ohitura dakar gogora. Kantua mutilaren ikuspegitik kontatzen da, eta esaten du zorteko dela neska urrun bizi delako, hartara denbora gehiago duelako berarekin egoteko. Lehengo usadioak, baina sentipen berak.
3. QUIEN MANDA (HEMEN ETA HOR) ft. Mala Rodriguez & Fermin Muguruza
2013an plazaratutako Gora! izeneko diskoko kantua da eta azpiko bideoa, berriz, 2014ko martxoaren 29an Donostiako Kursaal auditorioko Ganbara aretoan emandako kontzertuan Gaizka Peñafiel eta Edu Glezek grabatutakoa. Xabi Solanok aspalditik bidelagun izan duen Fermin Muguruza dago kantu honetan eta La Mala Rodriguez rap kantari andaluziarraren nortasuna ere bai. Nork ez du galdetu, kantuan, nork agintzen duen?
4. ARGITZERAINO ft. Pupil · les
Valentziako Natàlia Pons, Mireia Matoses eta DJ Rule-k (Joan Rodríguez) osatzen dute Pupil · les rap taldea. 2018an argitaratutako Ni diskoaren parte da kantu hau eta bideoklip ederra du; kostaldeko itsasoa eta mendiak eta Oilalume biltokia ageri dira besteak beste. Aldartea alaitzen duen kantua da, dantzarako gonbidapena egiten duena eta goizaldera arte gorputza mugimenduan eta begiak diz-diz ibiltzeko gogoa pizten duena.
5. ALTXA ESKUA ft. Xiberoots
2023ko Esne Bidea azken diskoko abestia da hau. Kantu honek ere Xabi Solanok egindako musika eta Jon Garmendiaren letra du, urtetan kolaboratu baitute biek abestigintzan. Zuberoako Xiberoots reggae taldeak eta Rocky Dawuni Ghanako afro roots abeslariak kolaboratu dute bertan. Herriaren aldeko kantua da, herriarentzat. 2024ko agur birako irudiak ikus daitezke bideoan. Altxa eskua eta dantzatu!
Biharko azken kontzerturik aurrera ere, herriaren alde eginak eta herriarenak izango dira Esne Beltzaren kantuak. Goza ditzagun!