Esoterismoaren jauregia

Donostiako Miramar jauregiak XXIV. Esoterismo eta Terapia Naturalen Nazioarteko Aretoa hartuko du abuztuaren 4tik 13ra bitarte

Sinetsi ala ez, zilegi iruditu ala ez, Donostiako Esoterismo eta Terapia Naturalen Nazioarteko Aretoa zita garrantzitsua bilakatu da hiriko urteroko agendan, jendetza erakartzen baitu; batzuk jakinmin hutsez hurbilduko dira, benetako erantzunen bila beste batzuk, sinesgaiztasuna berrestera beste asko.

Edozein kasutan, aurtengo Aretoaren egitaraua ere bete-beteta dator, eta askotarikoa da eskaintza: erakustaldiak, tailerrak, hitzaldiak, kontsultategiak... Bertako nahiz atzerriko aditu eta praktikatzaileek esoterismoaren eta terapia naturalen inguruko diziplina eta jakintza abaniko zabala ekarriko dute Donostiara.

Monje tibetarren eskutiko purifikazio eta bedeinkapen zeremonia batek emango dio irekiera ostiralean 12:00etan (abuztuak 4), eta hamar egunez, besteak beste, tarota, energia bitala eta aura, kabala, runa magikoa, seigarren zentzumena... izango dira hizpide eta aztergai. Terapia naturalei dagokionean, hipnosia, Ho’ Oponopono, Theta Healing, Yuen metodoa, alkimia emozionala eta beste jorratuko dituzte. INFO+ eta egitarau osoa hemen.

 

HITZORDU BEREZI BATZUK

Bertakoak izateagatik edota nazioartean esparruko izen potoloak direlako, honakoak dira Donostiako XXIV. Esoterismo eta Terapia Naturalen Nazioarteko Aretoko protagonista garrantzitsu batzuk:

Mikel Lizarralde: Beste mundua erreala da (abuztuak 8, 19:00)

Euskal mediumak ‘Beste mundua’z hitz egingo du: nolakoa den, nola komunikatzen diren espirituak gurekin, nola laguntzen diguten beste planotik...

Toti Martinez de Lezea: Beste Donejakue bidea (abuztuak 9, 19:00)

Donejakue bideko elementu enigmatikoak izango ditu hizpide, historia ofizialak ezkutatu dituenak: errelikia faltsuak, amabirjina beltzak, tenplarioak... Emilio Arias-en musikak lagunduko du, Erdi Aroko tresnak, erromantzeak eta kantuak ekarriko ditu kontaketa girotzeko.

Anne Germain: Mediumnitatea erabiltzen ikasteko tailerra (abuztuak 11 eta 12)

Espirituaren mezuen boterea antzematen eta ulertzen ikasteko tailerra emango du, “gidarien mezuak” identifikatu eta egoki interpretatzeko. Tailer bana emango du abuztuaren 11n eta 12an (10:00-14:00 eta 16:00-19:00 bitarte). Erakustaldia ere egingo du hilaren 12an 19:00etan.