Esti Markezek 'Ondoan ez izatea' kantua kaleratu du, Esanezinekin batera
Jada aldamenean ez dagoen horrek utzitako hutsuneari buruzkoa da abestia.
Esti Markezek bigarren diskoaren aurrerapen kantua kaleratu du, Ondoan ez izatea izenekoa. Gainera, Esanezin musikariarekin kolaboratu du abesti honetan.
Lehen alboan izandakoa joandakoan sentitzen den galerari erreparatu dio Markezek abesti berri honetan."Ez zaudenetik zaila da, aurrera egitea, pentsamenduen paisaia oroitzapenez janztea. Goizean esnatu eta ondoan ez izatea, utzitako hutsunea berriro betetzea" , kantatzen du musikariak.
Esti Markezek Azal berritzen diskoa argitaratu zuen 2020an, Mikel Markez aitarekin batera. Ondoren, bakarkako ibilbideari heldu zion, eta bakarkako lehen diskoa plazaratu zuen 2022an, Hitzekin jolasean izenekoa. Bigarren lana ere ate-joka dela iragarri du aiarrak. Urriaren 18an argitaratuko du, eta Atenporal izango du izena.