Etorkizunari begira
Euskarazko zinema basamortuan zebilen. Noraezean. Etxera iristeko bidea topatu du, ordea. Eta pausoak ematen ari da bide horretan. Helmugara iritsiko al da?
Euskarazko zinemagintzak inoizko saltorik handiena eman du azken hiru urteotan: bi dokumental eta fikzioan oinarritutako hiru film luze, zinema areto komertzialetan ikusgai. Duela bi urte, Aupa Etxebeste!. Iaz, Kutsidazu bidea, Ixabel, Nomadak Tx eta Agian. Eta aurten, Eutsi!.
Asier Altuna eta Telmo Esnalen Aupa Etxebeste! filmak urratu zuen, basamortuan barrena, etxerako bidea. Filmak sekulako arrakasta izan zuen, ikusleei buruzko datuei zegokienez: 80.000 lagunek ikusi zuten zinema aretoetan. Guk oso balorazio ona egin dugu filmaren ibilbidez. Batzuei gustatu egin zitzaien, eta beste batzuei, ez. Baina oso harrera ona izan zuen. Argi geratu zen, bestalde, zinema egiteko, ez dagoela Madrilera joan beharrik eta euskaraz ere egin daitekeela, esan digu Asier Altunak. Marka guztiak ondu zituenAupa Etxebeste!-k. Antza, jendeak euskarazko filmak ikusi nahi zituen. Egarri omen zegoen. Hala ere, arrakasta ez zuen faktore soil hark ekarri, Asier Altunaren arabera: Hasieran, ikusle asko horregatik joan ziren zinemara. Bazegoelako halako beharra. Dena dela, guk istorioarekin asmatu genuela uste dut. Eta ondoren, ahoz-ahokoak oso ondo funtzionatu zuen.
Euskarazko zinemagintzaren aurrerapauso honen atzean ETBren bultzada dagoela dio Asierrek: Zinema egitea oso garestia da, baina ETB koproduktore bezala sartu da, sartu beharra duelako legez, eta lagundu egin du. Urtean film bat egiten lagundu du, gutxienez. Gainera, formula horrek urtean behin pelikula bat ez du gelditzeko itxura handirik. Baikorra da, beraz, Asier Altuna. Hori bai, etorkizunean, mota guztietako filmak ikusi nahi lituzke. Komediak baitira hiru film luzeak. Denetarik behar dugu: dramak, politikari buruzkoak, pornoak Gure izaera osoa islatzen duten filmak behar ditugu, gaineratu du Asierrek.
Baikortasuna eta zalantzak
Etxebestetarren lekukoa Kutsidazu bidea, Ixabel-ek hartu zuen joan den urtean. Proiektuaren sustatzaileak pozik daude ikusleen harrerarekin. 50.000 lagunek ikusi zuten Hego Euskal Herriko zinema aretoetan. Datu izugarria da. Euskaldunon hizkuntz komunitatea kontuan hartzen badugu, ia %10ak ikusi zuen filma; gaztelaniarekin alderatuta, 30 milioi lagunez hitz egiten ari gara Konparazio hori muturrera eraman gabe, noski, argi dago pozik egoteko moduko datua dela, esan du Beñat Ibarbia Orio Produkzioak ekoiztetxeko kideak.
Euskarazko zinemagintza ematen ari den urrats hauek ontzat hartu ditu Beñatek. Prozesu naturala da. Beste arlo batzuetan euskarak aurrera egin duen bezala, zinemagintzan ere egin behar zuen. Herri batek bere historia kontatu behar du, eta zinema bide ona da jende askorengana iristeko. Etorkizunari begira, gizarte osoa, eta ez bakarrik politikoak, euskarazko zinemagintzaren garrantziaz jabetzea funtsezkoa da, Beñaten ustez: Hizkuntz komunitatea autoafirmatzeko eta kanpoan ezagutarazteko, zinemaren garrantziaren kontzientzia hartu behar dugu. Bera ere baikorra da. Baina epe laburrera besterik ez, laupabost urtera begira. Hortik aurrera zalantza ugari baitago: apustu hori sendotuko ote den; aldaketa teknologikoek zinema munduan, oro har, nolako eragina izango duten .
Iazko beste filmetako bat Nomadak Tx izen zen, Oreka Tx taldeko kideen bidaiak kontatzen dituen dokumentala. Guztira, 11.000 ikusle izan ditu filmak; oso dokumental gutxik lortzen dute horrenbeste ikusle gure artean. Hortaz, egitasmoan parte hartu duten guztiak pozik daude. Igor Otxoa Oreka Tx taldeko kideak dioenez, bai Nomadak Tx filmaren kasuan, bai gainerakoetan, jendeak primeran erantzun du; hori oso garrantzitsua da. Euskarazko zinemak aurrera egin dezan, hala ere, ezinbestekoa izango da erakunde publikoen babesa. Baita ekoiztetxeen eta zinema munduko gainerako eragileen konpromisoa ere. Izan ere, Igor Otxoak, Beñat Ibarbiak bezala, zalantzaz beterik begiratzen dio etorkizunari: Mundu zaila da hau, eta azkenaldian gaizki samar dabil, gero eta jende gutxiago joaten baita aretoetara. Itxura batean, lehorte garaian egiten ari da euskarazko zinemagintza basamortutik ateratzeko ahalegina. Hau marka! Etxera iritsi ahal izateko, ordea, aurrera egin besterik ez dago. Hori bai, laguntza handia beharko du: kantinplora, arropa arina, kapela ...