Etxeen egitura koronabirusaren ondoren
Bizitokiak garai berrietara egokitzen hasi dira; hauek dira etorkizuneko erronkak arkitekturan eta espazioaren diseinuan.
Etxebizitzen arkitekturak eta diseinuak gure bizitzaren egunerokotasunean duen garrantzi handiaz ohartu gara hilabete hauetan; horrela, terrazak, lorategiak eta eguzkidun leihoak zituztenak pribilegiatuak izan dira itxialdian, eta lan espazio egoki bat, sukalde espaziotsu bat eta kirola egiteko espazio txiki bat ezinbestekoak bilakatu dira konfinamenduan.
Hain zuzen, azken urteetako joera arkitektonikoekin talka egin du pandemia honek; geroz eta etxebizitza txikiagoak diseinatzen dira, 40 eta 70 metro karratukoak dira ohikoenak, balkoirik gabe, gela gutxi eta sukalde amerikarrekin. Etxean denbora gutxi igarotzeko diseinatutako etxeak dira, baina beharbada ez da ideia ona izan halako bizitokien aldeko apustua egitea.
Etxebizitza txikien joera hau gainera estuki lotuta doa ez biztanle kopuruaren igoerarekin soilik, baita bakarka bizitzeko eta haurrik ez izateko joerarekin ere. Baina, ez al da aldi berean arkitektura mota hau bakardadea eta familia txikiak joera izatearen erantzule?
KORONABIRUSAREN ARKITEKTURA
Adituek diotenez, koronabirusak hirietako arkitektura aldatuko du. Distantzia soziala bermatzeko moldatuko dira espazioak, batez ere lantokietan; baina batez ere, gure etxebizitzak aldatu ditzake. Hain zuzen, hilabeteotan gure etxea izan da guztirako lekua: lantokia, lo egiteko tokia, jatetxea, gimnasioa, aisialdirako espazioa... den-dena.
Koronabirusaren antzeko pandemiak berriro gertatu daitezkeen ala ez jakitea ezinezkoa da (eztabaida puri-purian dagoen arren), baina bitartean, gurea den espazio hori moldatzen hasi beharko dugu. Lanerako espazio bat, airea eta eguzkia hartzeko balkoi ala leihoak, sukalde tradizionalak, espazioak banatzen dituzten logelak... beharbada, arkitektura klasikora bueltatzeko unea izan daiteke.