Euskadiko Filmategiak ‘Euskal emakume zinemagileak' saiakera liburua kaleratu du
Euskadiko Filmategiak Euskal emakume zinemagileak aurkeztu du, bertako zinemagintzan funtsezkoak izan diren emakumeei buruzko hainbat saiakera biltzen dituen lehen liburua. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiaren zuzendariaren hitzetan, “euskal zinemaren historiak, beste askok bezain parekidetasun eskasa izan du eta sortu den bibliografian urriak dira euskal emakume zinemagileen perspektibatik egindako ikerketak. Gabeziak neurri batetan arintzea zen helburua; azken finean, joerak azpimarratzeko, gabeziak deitoratzeko eta, batez ere, talentuak egiaztatu eta ospatzeko balio duelako”, azaldu du.
Maria Pilar Rodriguez irakasleak koordinatu du lana, eta haren helburua euskal zinemaren berri ematea izan da, emakume zuzendariek hainbat genero eta formatutan egindako obretatik abiaturik. Era berean, proiektu artistiko horien esplorazio akademiko eta dibulgatiboa eskaintzen du. "Begi -bistakoa da euskal emakume zuzendarien produkzio filmikoak ez duela presentzia indartsurik izan panorama zinematografikoan. Azken urteotara arte egoera ez da esperantzagarria izan. Baina, esan beharra dago kritika eta azterketa akademikoak ez direla behar adina ahalegindu emakume zinemagile euskaldunak beren osotasunean ganoraz arakatzen. Emakumeek egindako filmen gorakadak gure gizartea bere osotasunean ulertzeko nahitaezko begirada batekin aberastu du zinemagintza, eta emakume ikusleei identifikatzeko aukera handiagoa eman dieten erreferenteak eskaini dizkie”
Lehenengo atalean, uskal emakume zuzendarien produkzio filmikoa landu dute hainbat ikuspegitatik: gaiak, generoaren errepresentazioa edo haien filmen aniztasun estetikoa eta formala. Bigarrenean, euskal emakume dokumentalgileen begirada aztertu dute eta baita Kimuak programak egindako lana eta produkzio transnazionalak eta literatura obren egokitzapen zinematografikoak ere. Hirugarrenean, elkarte eta zinemaldi batzuek emakumeek egindako zinema bultzatzeko eta hari ikusgarritasuna emateko egindako ahaleginak bildu dira eta haien harrera kritikoaren eta akademikoaren aurrerabidea; eta laugarrenean, berriz, euskal zinemako hiru figura nabarmen ageri dira: Ana Diez, Helena Taberna eta Yannick Bellon.
Atal bakoitzean egile espezializatu hauek parte hartu dute: Carlos Roldán Larreta, Casilda de Miguel, Iratxe Fresneda, María Marcos Ramos, Nekane E. Zubiaur, Ainhoa Fernández de Arroyabe, Iñaki Lazkano, Cristina Ortiz Ceberio, María Pilar Rodríguez, María José Olaziregi Alustiza, Javier Sánchez Zapatero, Izaskun Arandia Galarraga, Ana Gutiérrez, Elena San Julián, Pilar Martínez-Vasseur, Annabel Martín eta Luisa Etxenike.
Euskadiko Filmategiaren web-orrian eta liburu-dendetan eros daiteke liburua.