Euskal antzerkiaz gozatzeko aukera izango da Azpeitian
Azpeitiako Euskal Antzerki Topaketen 42. edizioa ostiralean hasi zen Miñan antzezlanarekin, eta azaroaren 24ra arte, hainbat emanaldi egingo dituzte, euskal antzerkigintza indartu, taldeak ezagutarazi, antzerki berriak sortu eta euskara bultzatzeko asmoz.
Lehenengo egunetan Pedro Otaegiri Txalo saria eman diote, eta herriko ikastetxetako ikasleek Miñan antzezlana ikusi eta antzezleekin solasaldia izan dute.
Eskola antzerkiari ere egingo diote tokia topaketetan. Azpeitiko, Bermeoko, Errezilgo eta Amezketako taldeek parte hartuko dute. Gaur egun, Azpeitian, 8-18 urte arteko 60 ikasle aritzen dira antzerkian Xanti Agirrezabalagarekin eta Alaitz Olaizolarekin, bost taldetan banatuta. Helduen taldea ere badago. Gainera, antzerki profesional bat programatu dute eskola orduetan: Anima Maravillas konpainiaren Andereño.
Ostegunean, Jon Ander Urrestiren Eukalyptus eta ostiralean Pez Limboren Ilargiaren alabak ikusi ahal izango da. Honako emanaldi hauek ere izango dira, besteak beste: Hika Teatroren Zorretan; Borobil Teatroaren Ali Baba eta 40 lapurrak; Xake Produkzioak-en Postdatarik gabeko gutunak; eta Eromen Elkartearen Sorginen Baratza.
Txotxongiloen erakusketa didaktikoa
Corrado Masacci txotxongilogileak ere azken urtea izango du, eta 45 urtez egindako lanaren aukeraketa ikus daiteke azaroaren 15era bitarte, Betharram aretoan. Datorren urtetik aurrera, Tolosako Topic zentroak hartuko du lekukoa. Azaroaren 9an Topic-ek gaztetxoentzako txotxongilo tailerra antolatu du.
Sormen egonaldiak
Topaketekin lotuta, antzerkia sustatzeko sormen egonaldiak ere egiten dira. Aurten, konpainia hauek egin dituzte sormen egonaldiak Azpeitian: Artedramak (Miñan); Talka obrak (Mendia); ATX Teatroak (Marmarra) eta Pez Limbok (Ilargiaren alabak). Lan horiek guztiak ikusi ahal izango dira topaketetan.