Euskal Herrian barna

Euskal Herrian barna Furgonetan edo autokarabanan bidaiatzea gero eta ohikoagoa da Euskal Herrian. EH Furgo-ren atzean dagoen bikotea egindako bidaiak blogean partekatzen hasi zen, eta Euskal Herriko hogeita bost ibilbide jasotzen dituen liburua argitaratu dute orain. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herrian-barna/@@download/image/REPOR_05.jpg
2023/08/14
erreportajea

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta @mailegetx
Argazkiak: EH Furgo

Furgonetan edo autokarabanan bidaiatzea gero eta ohikoagoa da Euskal Herrian. EH Furgo-ren atzean dagoen bikotea egindako bidaiak blogean partekatzen hasi zen, eta Euskal Herriko hogeita bost ibilbide jasotzen dituen liburua argitaratu dute orain.
Euskal Herrian barna

Nagore Lizarralde (Ormaiztegi, 1981) eta Arkaitz Apalategi (Ataun, 1981) umetatik ohitu izan dira oporraldietan norbere gurasoekin kanpineko bizimodua egiten. Gurasoengandik jasotako zaletasuna eta haien furgoneta zaharra hartuta hasi ziren txangoak egiten. Izan ere, ordura arteko bidaiatzeko moduek ez zituzten asebetetzen: “Hotelekin segituan etsi genuen, leku batetik mugitu gabe egotea ez zen gurea. Ito egiten ginen eta buffetekin, berriz, bete. Nekazaritza-turismoetan geratzen ere hasi ginen, baina ezin dituzu halako asko egin, urtean bat edo bi. Gero, kanpin-denda erosi genuen eta kanpinetara joaten ginen udan. Hala eman genituen hainbat urte”, azaldu dute.

Furgonetarekin mugitu eta lekuak bisitatzeari ekin zioten ondoren. Hasieran asteburuetako txangoak izaten ziren eta pixkanaka bidaia luzeagoak ere tartekatu izan dituzte. Apalategi argazkizalea eta kontalaria izanik, blogean irudiak partekatu eta haien inguruko kontakizunak idaztea pentsatu zuten. Denborak aurrera egin ahala, gero eta eduki gehiagorekin jantzi zuten bloga, ehfurgo.eus webgunea sortu zuten gero, eta mapa bat ere osatu dute Euskal Herrian dauden AC gune, kanpin eta lo egiteko tokiekin.

Furgonetak ematen duen askatasuna eta inprobisatzeko aukera estimatzen dute gehien: “Batzuetan ez dugu jakiten nora joan, eta azken momentuan erabakitzen dugu, eguraldiaren edo ekitaldien arabera. Ez daukagu erreserbarik egin beharrik, eta horrek askatasuna ematen digu aukeratzeko. Gainera, leku batera joan eta gustatzen ez bazaigu, beste norabait joan gaitezke”.

Hala ere, azken urteetan furgonetaren mundua idealizatu egin dela uste dute, batez ere Instagramen. “Askotan ikusten duzu argazki bat hondartza parean, toldoa jarrita… Hori non egin du? Ez da posible eta! Ezin baita egin araudiaren arabera. Itxurakeria handia dago”. Araudiarekin buruhausteak izaten direla kontatu du bikoteak. “Udan beti zailagoa da dena, kostan batez ere. Parke naturaletan berez ezin da kanpatu, eta lo ere ezin dela egin esaten dute. Leku askotan, ordea, jendeak lo egiten du eta ez dago inongo arazorik. Beste batzuetan, aldiz, arazo handiagoa dago. DGTaren legediaren arabera, kanpatzea eta aparkatzea da aldea; aparkatuta bazaude, edozein kotxe bezala, berez ez dago arazorik. Baina joaten zaren tokian bestelako ordenantzaren batekin egin dezakezu topo, esaterako autokarabanen aparkalekuan bost orduz egon zintezkeela; horrek esan nahi du ezin duzula lorik egin. Agian legeak arrazoia ematen dizu, baina ez duzu nahi goizeko ordu bietan Guardia Zibila ate-joka etortzerik nahi”.

Gainera, araudia zorrotza da furgonetak okupatzen duen berezko espazioetatik haragoko kontuekin. “Goraka ireki dezakezu leihoa, baina ertzetara ez. Ezin duzu furgonetaren perimetrotik kanpora ateratzen den ezer jarri, hau da, atzera, aurrera edo ertzetara. Toldoak, aulkiak… ezin dira ipini. Leku askotan jendea mahaiak aterata ikusten duzu, furgonetan ez dabilena ere bai, igandezaleak-eta; aurrekoan ere bazeuden kristoren mahaia jarrita, jan pila bat, eta ez zien inork ezer esaten. Eta gu, badaezpada, leihoak ixten, kristoren beroa eta…”.

Autokarabana eta furgonetentzako guneei dagokienez, pixkanaka gero eta gehiago ari direla sortzen aipatu dute, gehienak Nafarroan, nahiz eta ezin den Frantziako egoerarekin alderatu, “han herri guztietan baitago”. “Herri txiki batzuetan apustua izan daiteke, bestela turismo handirik ez, eta autokarabanetako jendea joaten denean, herriari bizi pixka bat ematen dio. Eurentzat ere aukera bat da”, adierazi du ataundarrak.

Planifikazioaren beharra

Gertuko bidaietan ez, baina urrutixeago joan izan direnean, erregaiaren prezioa eta peajeen gastua ere handitu zaiela ohartarazi dute. Iazko udan gasolinaren prezioak nabarmen egin zuen gora, eta Italiara egindako bidaian aurrekontuaren erdia gasolinan eta ordainlekuetan gastatu zuten. Zenbait tokitan, Portugalen edo Sorian esaterako, dena merkeagoa denez, “konpentsatu egiten da”. Norvegiara, Iparraldeko lurmuturrera, joan nahiko luketen arren, halako bidaietarako “denbora eta dirua” behar izaten dela azpimarratu dute.

Bidaia luzeetako gastuak eta bestelakoak kontrolatzeko, planifikazioa lagungarria izaten da, eta horretan ohituta daude. Lizarraldek xehetasun osoz prestatu ohi ditu bidaiak: “Oso zehatza naiz planifikatzen, dena apuntatzea gustatzen zait, baita herri batetik bestera zenbat minutu dauden ere. Orain digitalean, Driven, egiten dugu, baina lehen nire folioak hartu, kolorez azpimarratu… eskola umeak bezala aritzen nintzen. Asko gustatzen zait hori. Ez jarraituta ere ez da ezer pasatzen, b plana ere izaten da-eta hurrengo orrian. Asturiasera 40 orriko planifikazioarekin joan ginen, kar-kar. Dena biltzen dugu: zer dagoen ikusteko, non lo egin, zer jan…”.  Bere buruari erronka jarri eta Italiara ezer begiratu gabe joan zela aitortu du. Aurrez egindako plana osatzeko modua ere izaten dute, pixka bat inprobisatuta, tokian bertan jakiten dutenarekin eta jendeak egindako gomendioekin.

Bidaiatzerakoan, espektaktibek eta aurreiritziek ere eragina izaten dutelakoan daude. “Sorian izan gara Aste Santuan eta jendea harritu egin da hara joan garelako, baina oso polita da, jendea oso jatorra, eta ederki pasatu dugu. Aspaldian asko ibili gara Espainia aldean, eta gustura. Lekua baino, uzten dizuten sentsazioa izaten da. Askotan espektatibak ere izaten dira; Instagramen ikusi, kristorena izan behar duela pentsatu, hara joan, eta koloretako etxe horiez gain, ez dago ezer. Oso polita den paseoa, bizikletan ibiltzeko, eta kito. Normala da joaten zaren leku bakoitzeko politena ateratzea, baina hori gerta daiteke”.

Erosi aurretik, probatu

Furgoneta bat erosteko ideia buruan izan baina zalantza dutenei, “erosi baino lehenago alokatu eta proba egiteko” aholkatuko liekete, “askotan ideiarekin maitemintzen garelako”: “Gu bi gara eta ondo moldatzen gara, bai bera eta bai ni. Badira furgoneta txiki batean gustura ibiltzen diren lau kideko familiak, eta baita ume bakarra izan eta autokarabana erosten dutenak ere. Bakoitzaren araberakoa da. Egin proba, ea zer moduz sentitzen den norbera, bikotekidea, umeak…”. Bestetik, “gutxirekin hasteko” gomendioa ere egin dute: “Batzuek hutsetik autokarabana erosten dute. Lasai! Lehen kultura handiagoa zegoen. Gu Partnerrarekin eta koltxoneta batekin hasi ginen. Horrela abiatu, bigarren eskuko zerbaitekin, eta gero ikusiko duzu zer behar duzun, berria erosi edo…”.  

Sarean zabaltzen

Webguneaz gain, sare sozialak ere erabiltzen dituzte euren bidaien ingurukoak kontatzeko; Facebook eta, batez ere, Instagram. Jarraitzaileen feedback eta gomendioak izaten dituzte, eta lo egiteko tokien inguruan ere galdetzen diete erabiltzaileek. Bestalde, herrietako kultur ekitaldi eta egitarauen berri ere zabaltzen dute. Behin hiru planen artean zer aukeratu ez zekitela, sarean hiru kartel jarri, jendeari galdetu, eta jasotako erantzunen ondotik erabaki zuten ohitura horrekin jarraitzea, eta laurogei kartel ere partekatu izan dituzte ia astero. Lurgidarekin kolaborazioa egiteko aukera sortu zitzaien, web eta aplikazio formatuan, eta hala egiten dute orain. Azoketako egitarauak, festak, egun bereziak… biltzen dituzte, eurek egingo lituzketen plan motak.

Hogeita bost ibilbide

Urte hauetan blogean jasotako materiala berrikusi, eta forma ematen eta osatzen aritu dira pandemiaren hasieratik hona, liburua gauzatzeko. “Pandemian hasi ginen idazten, etxean geundenean. Geneukanari forma emateko oso ondo etorri zitzaigun, baina osatzeko ezin genuen atera. Baimena egin ziguten, baina ez zen gauza bera. Herri batera joan, hutsik egon, eta guk argazkia atera behar. Egin genituen batzuk horrela, baina garai arraro samarra izan zen”. Alabaina, pandemiak euren eskualdea, Goierri, sakonago ezagutzeko aukera eman zien.  

Argi zuten Euskal Herriko ibilbideak jasoko zituen liburua izango zela, ez EAEkoa bakarrik, eta euskaraz behintzat atera nahi zutela. Azkenik, bi edizio argitaratu dira, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Apalategik idatzi ahala, Lizarraldek itzulpena egin du, jatorrizkoaren estiloari jarraituta.  

Euskal Herria furgonetaz. Ibilbiderik onenak
Egileak: Nagore Lizarralde
eta Arkaitz Apalategi.
Argitaletxea:  Sua. En Ruta.
Orrialde kopurua: 303.

Euren asmoa Euskal Herria ezagutaraztea izan da: “Gipuzkoako zenbat jende dago Arabako ez dakit zer txoko ezagutzen ez duena, edo Zuberoara behin ere  joan ez dena? Batzuetan ezta Gipuzkoa bera ere. Guk ere leku asko deskubritu ditugu; Oñati pila bat gustatu zitzaigun, eta Arabak eta beste leku askok harritu egin gaituzte. Batzuetan aurreiritziak ditugu edo oso mitifikatuta dugu lekua, eta buruan daukagun barrera kendu eta ezagutzera joatea da kontua”.

Furgonetan egiteko hogeita bost ibilbidek osatzen dute liburua, lurralde bakoitzetik bosna, Iparraldea bakar gisa hartuta. Ahalik eta herri gehien harrapatzen saiatu dira, baina dena ezin sartu; aukeraketa “batzuetan errazagoa eta besteetan zailagoa” izan dela aitortu dute, eta Nafarroako zenbait toki kanpoan utzi behar izan dituztela halabeharrez.

Bizipenak sortzen

Egindako lanaren ondoren, egileak ari dira irakurleen iritziak jasotzen. Jendeari edizioaren kalitateak eta argazki kopuruak eman omen dio arreta, eta bertako planak egiten ere hasi omen dira batzuk. Autokarabanak alokatzen dituen enpresa batek euren liburua furgoneta eta autokarabanetan jartzeko proposamena egin die, eta Kanarietako herritar batek idatzi die abuztuan Euskal Herrira datozela eta liburua erosi dutela kontatzeko.

Aldi berean, sentipen berezia sortu die eurena zena partekatzeak eta nostalgia ere sentitzen dute: “Honen aitzakian, asteburua iritsi eta hona eta hara ibiltzen ginen, liburua bukatu beharra genuelako. Orain, liburua amaituta, zer egin behar dugu? Hutsune moduko bat utzi du, eta ostirala iristean nora joan ez dakigula egoten gara askotan, blokeatuta”.

Hutsune hori estaltzen asmatuko dute, ordea, eta bizipenak eta pasadizoak pilatzen jarraituko dute: Zuberoan oheko egitura hautsi, dendari ezagun batek lagundu eta oraindik ere irauten duen konponketarena; gurasoen furgonetako altzari bateko plastikozko poltsan zeuden intxaurrek erakarritako saguak; hondarrez betetako Portugalgo parking batean furgoneta trabatuta geratu eta familia batek bultzaka lagundu zienekoa; edota gaztelania praktikatzeko grinaz bikotearekin batzen ziren senar-emazte frantsesak, bizikletan eurekin joateko gonbita egin eta egurra eman zietenak. Halakoak eta beste hainbeste islatuko dira furgonetaren atzerako ispiluan.