EUSKAL HERRIKO GERTAKARI PARANORMALAK (I): ITZIARKO BIHURGUNEKO NESKA

EUSKAL HERRIKO GERTAKARI PARANORMALAK (I): ITZIARKO BIHURGUNEKO NESKA Gau Beltza hilabete bukaeran izango dela kontuan izanda, Euskal Herriko hainbat gertakari paranormalen inguruan arituko gara, atalka, astero. Hemen duzue lehena, Itziarko bihurguneko neskari buruzkoa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herriiko-gertakari-paranormalak-i-itziarko-bihurguneko-neska/@@download/image/pexels-syed-hasan-mehdi-270838-831243.jpg
2024/10/11
Gau Beltza hilabete bukaeran izango dela kontuan izanda, Euskal Herriko hainbat gertakari paranormalen inguruan arituko gara, atalka, astero. Hemen duzue lehena, Itziarko bihurguneko neskari buruzkoa.
EUSKAL HERRIKO GERTAKARI PARANORMALAK (I): ITZIARKO BIHURGUNEKO NESKA

Gertakari paranormalen inguruko kontuak iritsi izan zaizkigu beti, ahoz aho zein komunikabideen bidez. Halakoetan sinetsi ala ez, istorio zirraragarriak izaten dira, irudimenari bere lana egiten utziz gero. Gertakari paranormal hauetako bat da askotan entzun izan dugun bihurguneko neskaren istorioa. Euskal Herrian ere badugu, ordea, halako istoriorik, Itziarren hain zuzen ere.

Senar-emazte batzuk autoan zihoazen, 1981eko azaroan, Itziarren. Egun euritsua zen, eta errepide aldapatsuan zuriz jantzitako neska bat ikusi omen zuten. Tratu txarrak jasotako emakume bat edo egoitzaren batetik alde egindakoa izango zela pentsatu zuten. Goitik behera bustita eta ilea aurpegian zuela omen zegoen, baina ez omen zuen laguntzarik eskatzen. Ez zuten autoa gelditu, baina emakumea hala utzi ezin zutela eta, berarengana itzuli eta kotxera sartzeko gonbita egin zioten. Bihurgunera iristean, emakumeak bera bertan hil zela esan omen zuen. Beste bertsioren batean, garrasi egin zuela aipatzen da. Egoera hartan, senar-emazteak urduri jarri omen ziren, kotxeko atze aldera begiratu eta ez omen zegoen inor, desagertu egin zen emakumea. Halako ezinegona eta izua sortu zien gertaerak, ezen Guardia Zibilengana jo zuten salaketa jartzera.

Fidel izeneko gizon batek ere antzeko esperientzia izan zuen. Donostiara zihoan, negozio bilera bat zela eta. Kafea hartzera geratu zen eta ile luzeko neska batek Donostiara eramango al zuen galdetu zion. Neskak begirada galdua omen zuen. Neska autoaren atzealdean sartu zen, erosoago egote aldera, eta gizona saiatu zen arren, ez zuen elkarrizketarik sortzerik lortu. Bilera aurretik atseden hartu ahal izateko, azkar samar zihoan Fidel, eta bihurgunera iritsi baino lehen, neskak geldiago joateko erregutu omen zion, bihurgune arriskutsua zela eta. Abiadura geldotu eta bihurgunea itxia zela jabetu zen gidaria ere. Eskerrak emateko atzerako ispiluan begiratu eta neska falta zela ohartu zen. Fidelek ere Guardia Zibilena jo zuen eta neska baten argazkia erakutsi omen zioten. Berak ikusitako neska zen. Lekuko asko joan omen zitzaizkien neska bat kotxeko atze aldetik desagertu zela esanez, bihurgunean geldiago joateko aholkatu ostean. Guardia Zibilek zera azaldu omen zioten: inguruko herriko bateko neska bat zela, auto-istripuan hil zena bihurgune horretan bertan. Bere mutil-lagunak alkohol asko edan omen zuen gau hartan.

Beste batzuei ere agertu izan omen zaie neska hau. Zuei honekin lotutako beste istoriorik iritsi al zaizue? Ikusi al duzue inoiz bihurguneko neska?