Euskal Herriko Dantza Txapelketa Seguran

Euskal Herriko Dantza Txapelketa Seguran Hamabost bikote arituko dira dantzan eta zuzenean jarraituko ahalko da sarean. Kimua Dantza Kolektiboaren genEroa ikuskizuna ere eskainiko dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herriko-dantza-txapelketa-seguran/@@download/image/Euskal_Herriko_Dantza_Txap.jpg
2021/10/15

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

 

Hamabost bikote arituko dira dantzan eta zuzenean jarraituko ahalko da sarean. Kimua Dantza Kolektiboaren genEroa ikuskizuna ere eskainiko dute.
Euskal Herriko Dantza Txapelketa Seguran

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 45. edizioa izango da bihar arratsaldean Seguran eta Euskal Herriko hamabost bikotek hartuko dute parte. Bikote horietatik bederatzi gipuzkoarrak izango dira, bat bizkaitarra, eta gainerako bostak Lapurdi eta Nafarroa Beherekoak. Txapelketa Baratze pilotalekuan jokatuko da, 18:00etatik aurrera.

Dantzariek zortzi pausoko fandangoa dantzatuko dute, txistuz lagunduta, Isilkara txistulari taldearen musikarekin, edo albokaz, Vanessa Ziaurritz, Oihana Irastorza eta Teresa Jareño hirukotearen musikarekin. Ondoren arin-arina dantzatuko dute Estanga anai-arreba trikitilarien piezarekin.  

Epaimahaia Euskal Dantzarien Biltzarreko bost adituk eta jantzi epaile batek osatuko dute, eta arlo teknikoaz gain, arlo artistikoa ere kontuan hartuko dute txapelduna aukeratzeko garaian. Bikote irabazleak Aitor Ruiz de Eginoren garaikurra, 800 euro, oroigarria, txapela, lepokoa eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak emandako trofeoa jasoko ditu; bigarrenak 600 euro eta oroigarria; eta hirugarrenak 500 euro eta oroigarria. Dantza jantzien saria, lurralde bakoitzeko saria, eta lehenbiziko aldiz aurkezten direnen artean ongien sailkatu denaren Guillermo Areizaga saria ere banatuko dituzte.

Jaialdia zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus-en streaming bidez eta gauean, 22:00etan, ETB1eko Oholtzan saioan eskainiko dute. Izaro Iraetak, Imanol Artolak eta Ainhoa Urretabizkaiak gidatuko dute jaialdia. Azken honek protagonistak elkarrizketatuko ditu. Xabier Artolaren ahotsa ere entzungo da, dantzariek egindako lanaren inguruko balorazioa egiten. 

'genEroa' ikuskizuna eguerdian eta arratsaldean
Kimua Dantza Kolektiboak genEroa ikuskizunaren pasarte bat eskainiko du ekitaldian, epaimahaiak erabakia hartzen duen bitartean. Aurrez, eguerdiko 12:30ean, ikuskizun osoa ikusteko aukera izango da Segurako plazan. Euria eginez gero, Laiotz herri eskolako karpan egingo dute.