Euskal Herriko gertakari paranormalak (III): Gallartako estralurtarrak

Euskal Herriko gertakari paranormalak (III): Gallartako estralurtarrak Gau Beltza datorren astean izango dela kontuan izanda, Euskal Herriko hainbat gertakari paranormalen inguruan ari gara, atalka, astero. Hemen duzue hirugarrena, Gallartako estralurtarrei buruzkoa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herriko-gertaera-paranormalak-iii-gallartako-estralurtarrak/@@download/image/pexels-derpycg-7462340.jpg
2024/10/25
Gau Beltza datorren astean izango dela kontuan izanda, Euskal Herriko hainbat gertakari paranormalen inguruan ari gara, atalka, astero. Hemen duzue hirugarrena, Gallartako estralurtarrei buruzkoa.
Euskal Herriko gertakari paranormalak (III): Gallartako estralurtarrak

Meatzetako hondakinak biltzen ziren Gallartako (Bizkaia) zabortegia da gertakari berezien kokalekua, 1977 aldera. Espainiako Aireko Armadaren txostenean jasota daude ezohiko gertakizunak. Ingeniari batek jaurtigai handi bat ikusi zuen, inguru horretatik atera balitz bezala, misil moduko bat. Erreparatu zionean, plater itxurako zerbait zela konturatu zen.

Honekin lotuta, handik gertu zegoen etxe batean bizi zen gizon bat dago, Juan Sillero. Egur lanketan ari zen, familiakoak lo zeuden bitartean, eta txakurren zaunka-hotsak entzun zituen. Ondoren, argi-fokua ikusi zuen, luminiszentzia moduko bat, zerbaitek lur hartu zuen seinale. Leihotik begiratu zuen, ondoren balkoitik, eta lurrikararen pareko zeozer izan zela kontatu zuen, inpaktua nabaritu zela. Bere buzoa soinean zuela, mendi-xendatik zabortegiraino joan zen. Muino gainaldean kokatu, berak ondo ikusi ahal izateko toki batean, eta lau argi indartsu begiztatu zituen, bakoitzean disko bana, eta lur hartzen ari zirela jabetu zen. Etxeratu egin zen ondoren, egoera sinetsi ezinik. 

Hurrengo gauean, berriz ere antzeko egoera bizi izan zuen, txakurrak zaunka eta abar, eta korrika zabortegira jo zuen. Orduko hartan, argi-fokuez gain, kaxa moduko bat ikusi zuen, laranja kolore bizikoa, berak tanketa deitu ziona. Oso pisutsua omen zirudien, eta geldiro zabortegiaren ingurua eskaneatzen ari omen zen. Silleroren arabera, beste bi lur-hartze ere izan omen ziren gutxienez. Horietan giza-itxurako izakiak ikusi omen zituen, foku horien bueltan.

Egun horiek igarota, egunez gerturatu omen zen, ondo ikusteko moduan, ikertzaile batekin batera. Laurogei zulo sakon topatu zituzten zabortegian.

Kontu harrigarriak, ezta? Zer iritzi duzu zuk?

AURREKO ATALAK
Euskal Herriko gertakari paranormalak (I): Itziarko bihurguneko neska
Euskal Herriko gertakari paranormalak (II): Otxateko estralurtarrak