Euskal Herriko gertakari paranormalak (II): Otxateko estralurtarrak

Euskal Herriko gertakari paranormalak (II): Otxateko estralurtarrak Gau Beltza hilabete bukaeran izango dela kontuan izanda, Euskal Herriko hainbat gertakari paranormalen inguruan arituko gara, atalka, astero. Hemen duzue bigarrena, Otxateko estralurtarrei buruzkoa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herriko-gertakari-paranormalak-ii-otxateko-estralurtarrak/@@download/image/OTXATE.png
2024/10/18
Gau Beltza hilabete bukaeran izango dela kontuan izanda, Euskal Herriko hainbat gertakari paranormalen inguruan arituko gara, atalka, astero. Hemen duzue bigarrena, Otxateko estralurtarrei buruzkoa.
Euskal Herriko gertakari paranormalak (II): Otxateko estralurtarrak

Prudencio Muguruza Otxaten, Trebiñun, zebilen 1981eko uztailaren 24an. Muguruzak kontatu zuenez, baso itxi batetik ateratzen ari zela, iluntasunean, txakurra ezinegonik sumatu zuen, bere hanketara igoz, uluka eta arramazka eginez. Jabeak pentsatu zuen zerbait usaindu eta beldurtu egin zela txakurra, eta ez zion garrantzi handirik eman. Basotik eta iluntasunetik ateratzen ari zela, Muguruzak bat-bateko argi bizi bat ikusi zuen. Gora begiratu eta esfera distiratsu erraldoia eta bere lorratza begiztatu zuen, kometa bat izango balitz bezala, baina geldirik. Argazkia atera zuen orduan Muguruzak. Komunikabidetan agertu zen gertatukoaren berri, Muguruzaren argazkiekin. Argazkilaritza teknikoek ere aztertu omen zituzten argazkien negatiboak eta muntaiarik ez zegoela baieztatu zuten. Ikusmira handia piztu zuen berri honek eta jende asko bertaratu zen hurrengo urteetan, halakoren bat gertatuko ote zen esperantzan.

Bestelako gertaeren berri ere eman izan da komunikabideetan. 1970eko abuztuan Fernando Amestoy desagertu zela esaten da, eta Juan Peche izeneko nekazari baten gorpu kiskalia aurkitu zutela kilometro batzuetara. 

Bertako behe-lainoari ere ematen diote garrantzia, hura agertzean zerbait gertatuko dela esaten baita. Gasteizko gerra-gurdi blindatuen destakamentuarekin lotutako istorio bat aipatzen da honekin lotuta.. Soldaduak maniobrak egiten ari zirela behe-laino itxia sartu zitzaien eta espazioaren eta denboraren nozioa galdu omen zuten. Lokalizaziorako gailuek eta aparatu elektronikoek, oro har, funtzionatzeari utzi zioten, eta begizta edo bukle moduko batean sartu omen ziren. Egoera horren aurrean, soldaduak etsita zeuden. Gorputzean ere izan omen zuen eragina haietako batzuengan, konbultsioak eta minak. Siluetak ere agertu omen ziren.

Mikel Colmenero izeneko kameralariak ere bere testigantza eman du Otxate inguruan gertatzen diren gertakari paranormalez. Pausoak entzun omen zituzten, norbait gerturatzen ari zen seinale. Lagunak izango zirela uste izan zuten, baina oso altuak zirela konturatu ziren, eta iluntasunean bular eta sabel aldean zonalde argiago batzuk antzematen omen zitzaizkien. Kotxeko argiak piztu eta ez omen zuten ezer ikusi. Urduritu eta lagunekin harremanetan jartzen saiatu ziren, walkie-talkitik entzuten omen zituen Colmenerok, baina berari ez omen zioten entzuten. Bozina jotzen hasi omen ziren, besteei zerbait gertatzen ari zela jakinarazteko, eta beraiek walkie-talkitik erantzuten zioten. Aurrez grabatzen jarrita zeukaten zinta entzuten hasi eta ahots bat entzun omen zuten, "Ni bai, banago" esaten zuena. Alde egin omen zuten handik, eta walkie talkie-ak ondo funtzionatu omen zien zonaldetik ateratakoan.

Estraterrestreak, psikofoniak, desagerketak... Zer iruitzen zaizu? Otxaten izan al zara eta gertaera arraroren bat bizi izan al duzu?

AURREKO ATALAK
Euskal Herriko gertakari paranormalak (I): Itziarko bihurguneko neska