Euskal Herriko gertakari paranormalak (IV): sorginak eta sorgin-ehiza

Gau Beltza ostegunean izango dela kontuan izanda, Euskal Herriko hainbat gertakari paranormalen inguruan ari gara, atalka, astero. Hemen duzue laugarrena, sorgin-ehizari buruzkoa.

Sorginei buruzko mitoak ugari dira, Euskal Herriko bazter guztietan jasoak. Mito hau eraldatzen joan da, garain garaiko testuinguruak bultzatuta. Iragan paganoak, folkloreak, konkistaren erregimenak eta elizaren eta kristautasunaren indarrak eta botereak, inkisidoreek sorgin-ehizari heltzea ekarri zuen.

1415.urtean agertu zen lehen aldiz sorginen aipamena idatzizko dokumentu batean, Iruñeko bi emakume zigortu baitzituzten sorginak izatea leporatuta. 1466an Gipuzkoako Probintziaren ordezkaritza batek Gaztelako Enrike IV. erregearengana jo zuen, herrialde guztia sorginez beteta omen zegoela eta horren kontra egiteko botere gehiago eskatzera. Bizkaian sorginkeria kasuak salatu zituzten, eta Logroñoko Auzitegiak hogeita hamar bat euskaldun erre omen zituen 1507an, sorgin izatea egotzita. Handik hogei bat urtera, Nafarroako Pirinioetan eta Durango aldean inkisidoreen bisitak izan omen ziren.

Euskal Herrian izandakoa lehen sorginkeria prozesu handiena 1527an izan zen. Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkari bailarek, Avellaneda inkisidorearen bisita izan zuten. Iruñeko bederatzi eta hamaika urteko bi neskatxak sorginak zirela aitortu zuten eta sorginak identifikatzeko ahalmena omen zuten. Hala, iruindar neskatoak hartu, eta Nafarroako bailara hauetan ibili zen Avellaneda. 450 bat pertsona erre zituzten, sorgin bilkuretan parte hartzea, akelarretara hegan joatea, ukenduak emanez desagertzea eta halakoak egotzita.

Euskal Herriko sorgin ehiza kasurik ezagunenak XVII. mende hasieran Lapurdin eta Zugarramurdin izandakoak dira. Familien arteko gatazkak zirela-eta, sorginkeria salaketak hasi ziren. 1609an Frantziako Enrike IV.ak Lapurdiko sorginkeri kasuak aztertzera bidali zuen Pierre de Lancre epailea. Euskaldunen eta bertako emakumeen kontrako jarrera gogorra erakutsi zuen epaileak. Euskaldunon hizkuntza, ohiturak eta bizilekuak deabru eta sorginentzakoa aproposak zirela esaten zuen, eta Azkaingo plazan, Larrungo zelaietan eta Hendaiako itsasertzean akelarreak izaten zirela eta haurrak eramaten zituztela salatu zuen. Ehunka lagun prozesatu eta sutan erre zituen, eta gehiago izango ziren Baionako apezpikuak esku hartu izan ez balu.

Urtebete geroago, agintari zibilek hainbat sorginkeria kasu epaitu zituzten Zugarramurdi eta inguruko herrietan. Egoera hura ikusita, Inkisizioak Juan Valle Alvarado inkisidorea bidali zuen bertara. 300 bat pertsona inplikatu zituen, Zugarramurdiko koban deabrua gurtzeko bilerak egiten zituztela esanez eta soroei nahiz animaliei kalteak eragin eta ekaitzak sortzea egotzita . Horietatik 40 lagun Logroñora eraman zituzten, bertako epaimahaiaren aurrean deklaratzeko. Hamaika bat pertsona hiltzera kondenatu zituzten, eta horietako batzuk torturatuta hil zituzten. Auzi honetan pertsona ezagunenak Graziana Barrenetxea eta bere senarra zen Migel Goiburu izan ziren, biak akelarrearen errege-erregina gisa salatuak; Joanes Etxalar, deabruak agintzen zituen zigorren borrero hiltzailea; Maria Txipia sorginkeri artearen jakintsua; Joanes Goiburu txistularia eta Juan Sansin danborraria.

Prozesu hauen ondoren beste batzuk ere izan ziren, baina sorginkeria salaketak nabarmen murriztu ziren. XVII. mendearen amaiera aldera bukatu ziren Euskal Herrian ustezko sorginen kontrako auziak, baina sorginen istorioek gaur egun arte iraun dute. Hemen topa ditzakezu sorginen inguruko elezaharrak.

AURREKO ATALAK
Euskal Herriko gertakari paranormalak (I): Itziarko bihurguneko neska
Euskal Herriko gertakari paranormalak (II): Otxateko estralurtarrak
Euskal Herriko gertakari paranormalak (III): Gallartako estralurtarrak