Euskal Herriko gertakari paranormalak (V): Biarritzeko jauregi misteriotsua
Villa Beltza Lapurdiko Biarritz hirian dagoen jauregia da, 1889-1895 bitartean eraikia eta itsaslabarraren alboan kokatua. Itsaslabarrez inguratu dago eta hondartza du alboan. Hori dela eta, behin baino gehiagotan azaltzen da itsasoan surfean aritzen diren surflarien argazkietan.
Dominique Daguerre izeneko nekazari batek arroken ondoko lursail bat eskuratu zuen 1825ean, elkartruke baten ondorioz. Ordura arte arrantzarako edo paseatzeko gunea zen herritarrentzat. "Urretxindorren zelaia" deitzen zioten eta jabe bat baino gehiago izan zituen, harik eta Parisko Phoenix aseguru-etxeko gerentea zen Ange du Fresnay-k erosi zuen arte. 1889an hasi ziren jauregia eraikitzen, Alphonse Bertranda arkitektoa buru zela, eta 1895ean amaitu zuten. Marie Belza Dubreuil izeneko bere emaztearen omenez jarri omen zion etxeari izena.
Jauregiaren kokapen ezohikoak, deabruaren zuloak -ekaitz egun beteetan olatuek errepide azpitik hartzen duten indarragatik-, eta beltza izenaren esanahiak, sorginkeria eta mamuen istorioak hauspotu dituzte. Horretaz gain, etxearen begiralekuek eta teilatuak giro misteriotsua ematen diote.
Jauregian bertan bizitako jendeak eta izandako erabilerak ere lagundu du kondaira puzten. 1923an Fresnay-k Gregory Beliankine-ri alokatu zaion etxea, Igor Stravinsky-ren koinatuari, eta jatetxe errusiarra zabaldu zuen bertan, nahiz eta "Euskal Jauregia" jarri zion izena. Biarritzen uda igarotzen zuten Europako monarkietako kideak eta burges errusiarrak ziren jatetxearen bezero nagusiak. Udan, luxuzko afariak antolatzen zituzten, tematika jakin baten inguruan: festa japoniarrak, Neptuno eta Baco jainkoei eskainitakoak, afrikar gauak...
1927an berrikuntzak egin zituzten eraikinean eta XVII. mendeko mosketarien garaiko dekorazioa zuen kabareta jarri zuten, ehun gorriekin estalitako paretak eta Luis XIII.enaren estiloko altzariak zituena.
Bizitza sozial handia izan zen bertan 1940ra arte. Alemaniaren okupazioa tarteko, etxea konfiskatu egin zuten, eta Portu Zaharra defendatzeko kasamata egin zuten bertan. Gerra amaitutakoan, Madame Pouyet-ek erosi zuen etxea, berritu eta zazpi apartamentutan banatu zuen. Etxeetan bizi ziren jabeen arteko gorabeherak izan ziren eta sutea izan zen. Berrikuntzaren ondoren, 1974an, bigarren sutea izan zen, aurrekoa baino larriagoa, eta bigarren eta hirugarren pisuak hondatu zituen. Etxearen egoerak okerrera egin zuen urte hauetan guztietan, baina 90eko hamarkadan, Jean-Marc Galabert-ek, Parisko higiezinen sektoreko komertzial batek, etxearen atal guztiak erosi eta birgaitzeko lanari heldu zion. 1997az geroztik, udalarena da jauregia. 2020an, metro koadroko 40.000 euroko prezioan saldu zuten apartamentu bat.
Argi dago historia bereziko jauregia dela, pelikuletarako, moda katalogoetarako, eta iragarkietarako ere erabili dena. Eta Biarritzeko itsasoan surfean ari direnen eta hondartzan dabiltzanen begi-pizgarria. Ausartuko al zinateke bertan bizitzen?
AURREKO ATALAK
Euskal Herriko gertakari paranormalak (I): Itziarko bihurguneko neska
Euskal Herriko gertakari paranormalak (II): Otxateko estralurtarrak
Euskal Herriko gertakari paranormalak (III): Gallartako estralurtarrak
Euskal Herriko gertakari paranormalak (IV): Sorginak eta sorgin-ehiza