Euskal Herriko I. Hikadromoa egingo dute Durangoko Azokan
Hitanoa bultzatzeko asmoz sortutako ZirHika taldeak Hikadromoa antolatu du aurtengo Durangoko Azokarako. Hika dakitenak eta ikasten ari direnak gonbidatu dituzte Euskal Herriko I. Hikadromora.
Hikalariak elkartu eta hango eta hemengo hika egitea da asmoa. Hika hitz eginez, ondo pasatu eta jendea ezagutzeko aukera paregabea izango dela nabarmendu dute antolatzaileek. Hizlari bakoitzak berean aritzeko aukera izango du, euskalkian zein batuan.
Laukoteak osatuko dituzte eta hamabost minutuero taldez eta gaiz aldatuko dute.
Abenduaren 7an izango da hitzordua, 16:00etatik 17:45era, Landako ikastetxean. Izena emateko bi modu daude; online formularioa bete daiteke, edo telefono zenbaki hauetara deitu: 943121775 edo 652750947.
Hikaren inguruko bestelako jarduerak ere bai
Badiharduguk hika ikasteko Appa Hi! aplikazioaren bertsio berriak eta hika.ahotsak.eus webgunea aurkeztuko ditu abenduaren 6an, 19:20an hasita, areto nagusian. Ondoren, Fernando Oiartzunek Leitzako hiketa izango du hizpide: grabazioak sarean nola kontsultatu.
Abenduaren 7an, berriz, Hik eta biok mahaingurua izango da Deustuko unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak antolatuta. Durangoko museoan izango da, 11:30etik aurrera.