Euskal Herriko inauteriak: non eta noiz

Euskal Herriko inauteriak: non eta noiz Inauteri zalea bazara, ez duzu otsailaren bukaerara arte itxaron beharrik haiez gozatzeko. Hementxe dituzu inauterietako ospakizun nagusietako batzuk. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herriko-inauteriak-non-eta-noiz/@@download/image/Lantz_Carnaval_6936_Jesus Diges.jpg
2025/01/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Inauteri zalea bazara, ez duzu otsailaren bukaerara arte itxaron beharrik haiez gozatzeko. Hementxe dituzu inauterietako ospakizun nagusietako batzuk.
Euskal Herriko inauteriak: non eta noiz

Euskal Herriko hiri eta herri askotan ospatzen dira inauteriak, eta bakoitzak bere ezaugarriak eta xarma izaten ditu. Besteren bat ezagutzeko asmoz bazabiltza, aukera batzuk bildu dizkizugu hemen. 

  • Ituren eta Zubieta, gaur eta bihar
    Urtarrileko azken igandearen ondorengo astelehen eta asteartean ospatzen dituzte inauteriak Nafarroako bi herri hauetan. Inauteri-astelehenean, zubietarrak Iturenen izaten dira bisitan, eta asteartean, alderantziz, Iturengo joaldunak joaten dira ondoko herrira. Bi herrien arteko basoa zeharkatzen dute, eguerdi partean, inauterietako pertsonaiek: hartza, piztiak, ahariak... Joaldunak ere joare handiekin ibiltzen dira. Lurra neguko lozorrotik esnatzeko modua dute, udaberrian emankorra izan dadin. 

  • Leitza, gaur eta bihar
    Joan den ostiralean hasi ziren inauteriak ospatzen Leitzan. Gaur auzoetako eskea egingo dute goizean, eta arratsaldean, berriz, kalejira izango da trikitilariekin. Bukaeran txokolate jana egingo dute plazan. Xaibor DJa arituko da Karrapean 19:00etatik 22:00etara. Bihar, berriz, Erasote auzoan eskean ibiliko dira txistulariez lagunduta. Atsaure kalejira izango da arratsaldean, 
    09:30ean Erasote auzoan eskea eginen dute herriko txistulariekin. Pilotalekuan puzgarriak jarriko dituzte 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Iluntzean, atsaure kalejira eginen dute, 18:30ean herriko plazatik aterata. Bukatzeko, Muxutruk erromeria taldea ariko da karrapean, 20:00etatik 21:30era eta 23:30etik 01:00era.
  • Donostia, otsailak 8 eta 9
    Kaldereroak izango dira Donostian otsailaren 8an. Donostiako jaiegun zaharrenetakoa da, eta konpartsak kalez kale ibiltzen dira, zartagin eta mailuez zarata ateraz, ehunka ahotsek Raimundo Sarriegi doinuak kantatu bitartean. Hurrengo egunean, berriz, Inude eta Artzaien konpartsen desfilea egingo dute Alde Zaharrean. Inauteriak ere ospatuko dituzte otsailaren 27tik martxoaren 3ra.

  • Tolosa, otsailaren 27tik martxoaren 4ra
    Ostegun Gizenean hasiko dituzte inauterietako ospakizunak pregoia, txaranga, kalejira eta abarrekin. Hurrengo bi egunetan ere ez da musikarik faltako herrian, kontzertu eta guzti. Zaldunita egunean, igandean, karroza eta konpartsen irteera egin ohi dute, eta egun handia izaten da tolosarrentzat. Astelehena ere bide beretik egin ohi dute, eta musika eta desfileak ere izaten dira. Sei egunetako festa-giro ederra izango da.  

  • Altsasu, martxoaren 2tik 4ra 

    Momotxorroa da bertako pertsonaia nagusia. Akerrak –Luziferren pertsonifikazioka– gidatzen ditu momotxorroen dantzak. Momotxorroek, odolez eginiko jantziak soinean dituztela eta sekulako adarrekin, sardea eskuan dutela izutzen dituzte ikusleak. Urteak pasa ahala, pertsonaia berriak ere sortu dira.

  • Lantz, martxoaren 2tik 4ra
    Kondairak dioenez, herria Miel Otxin gaiztoa eta haren adiskide Zaldiko, erdi gizon, erdi gizaki, harrapatzen saiatzen da. Herria mehatxupean dute eta, gainera, Ziripot potolo kutunari eraso egin diote. Oso gizon maitea da, eta, ogibiderik ez badu ere, ipuinak eta istorioak oparitzen dizkie Lantzeko biztanleei. Eguerdian eta ilunabarrean Ziripot, MielOtxin, Zaldiko, Txatxuak eta 

    bestelako pertsonaiak ikusi ahal izango dituzu.

  • Zuberoako maskaradak, igandero, martxoaren 30era arte
    Bi alde kontrajarritan banatzen dira: alde batetik, Gorriak, dotore eta ordenatuak; eta, beste aldetik, Beltzak, zikinak, baldarrak eta zaratatsuak. Hainbat pertsonaia izaten dira tartean: Zamalzaina, Laboraria, Buhameak, Marexalak... 
    Aurtengo maskaradak urtarrilaren 12an hasi ziren eta martxoaren 30era bitarte, emanaldiak egingo dituzte Zuberoako hainbat tokitan. Hona hemen egutegia: otsailaren 1ean, Altzürükün; otsailaren 9an, Ligin; otsailaren 15ean, Pagolan; otsailaren 23an, Atharratzen; martxoaren 1ean, Gamere Zihigan; martxoaren 9an, Idauze-Mendin; martxoaren 15ean, Barkoxen; martxoaren 23an, Urdi´ñarben; eta martxoaren 30ean, Altzainen.


Hauez gain, beste toki askotan ere izango dira inauterietako ospakizunak: Unanu, Zalduondo, Mundaka, Beskoitze, Uztaritze, Bera, Lesaka...

Zu nora joango zara? Non eta nola ospatzen dituzu inauteriak? Kontatu gure sare sozialetan!