Euskal musikarekin euskara ikasten ari diren TikTokerrak

Euskal musikarekin euskara ikasten ari diren TikTokerrak Kantuak eta abestietako letrak hizkuntza bat ikasten hasteko aitzakia ederra izaten dira. TikToker bat baino gehiago ari da euskara ikasten euskal kantuen laguntzaz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-musikarekin-euskara-ikasten-ari-diren-tiktokerrak/@@download/image/tiktoker.png
2024/10/10
Kantuak eta abestietako letrak hizkuntza bat ikasten hasteko aitzakia ederra izaten dira. TikToker bat baino gehiago ari da euskara ikasten euskal kantuen laguntzaz.
Euskal musikarekin euskara ikasten ari diren TikTokerrak

Guztiok izan dugu kantuen letren bidez hizkuntza bateko hitzak edo esaldiak ikasi izanaren esperientzia. Batzuentzat hizkuntza bat ikasten hasteko abiapuntua ere izaten da. Euskal musika nazioartean zabaldu izan denetik, hainbat musika taldek eta bakarlarik aipatu dute eurentzat izugarria izan dela zaleak, euren musikaren bidez, euskara ikasten hasi direla jakin izana. Urteak aurrera, baina euskal musikak euskara ikastera bultzatzen du jendea oraindik ere. Horren erakusgarri dira hainbat TikToker. 

Marta Avileo kataluniarra euskara ikasten ari da eta bideoetan zenbakiak, izenordainak eta koloreak ikasten ikus dezakezu. Aimar musikariaren Entzun dezatela kantua sarean topatu eta asko gustatu zitzaion. Hori dela tarteko, eta Euskal Herrira egindako bisitaren ondoren, euskara ikastea erabaki zuen, eta ikasten ari dena partekatzen du bideoetan. Beraz, nahi duenak berarekin batera ikas dezake.

Eirik kataluniarra da, eta Turismo Bulegoan lan egiten du. Bera ere euskara ikasten ari da eta musika bidelagun du horretarako. Zetak, Bengo, Bulego, Ibil Bedi, Neomak, ETS, eta Kortatu entzuten ditu egunerokoan. Euskara modu formalean ikasten hastea ere pentsatu du, baina benetan nahi duena mutil-lagun euskaldun bat dela aipatu du umoretsu.

Scott Zuñiga estatubatuarra Donostian bizi da eta euskara ikasten ari da euskaltegian. Musikaria da eta, beraz, euskal musikaren bidez ere ari da hizkuntzan murgiltzen. Mikel Laboaren Txoria txori, ETSren Zurekin batera, Ken Zazpiren Haizea, Bulegoren Kantu bat, Zetak-en Zeinen ederra izango den, Esne Beltzaren Gogoak, Gozategiren Nor-nori-nork, Olaia Inziarteren Lehengo lepotikan burua eta beste hainbat kantu lehen aldiz entzuten ikusiko duzu bere TikTokeko bideoetan. 

Ederra da euren ahalegina ikustea. Bejondeiela! Beste inor ezagutzen al duzu?