Euskal Selekzioaren aldeko mendi martxa

Uztailaren 29tik abuztuaren 5era bitarte izango da, eta izena emateko epea zabaldu dute

Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko 17. mendi martxa Donaixtin hasi eta Santurtzin amaituko dute aurten. Tartean, Orhi tontorrera igoko dira (laugarren etapan) eta Arrankudiagatik ere pasako dira Santurtzira bidean.

Zortzi eguneko zeharkaldia izango da (uztailak 29 – abuztuak 5) eta, batez beste, 7–8 orduko txangoa egingo dute egunero, beti ere parte hartzaile ezberdinen erritmo desberdinak aintzakotzat hartuz. Hala, egunero goizeko 8:00etan hasi eta, gutxi gora behera, arratsaldeko 1:00ak aldera amaituko dute, tartean 20–30 km ibiliz. Dena dela, zeharkaldi erdia bakarrik egiteko aukera ere bada.

Lotarako pilotalekuak, kiroldegiak eta eskolak baliatuko dituzte, eta antolakuntzak egunero eskainiko du gosaria nahiz biderako ogia eta fruta. Izen ematea afaria barne egiten dutenek, bestalde, etapa bakoitzeko helmugako herrian bertakoek prestatutako janaria dastatuko dute.

Izena emateko (zeharkaldi osoa afariak barne (300€), erdia (150€), zeharkaldi osoa afaririk gabe (200€) eta erdia afaririk gabe (100€), eta garraioari, otorduei nahiz prestakuntzari buruzko informazio osoa eskuratzeko: mendimartxa.eus