Euskaltzaindiak onartu dituen hitzak
Euskaltzaindiak 592 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, eta moldaketa zein berrikuntza guztiak hiztegiari erantsi dizkio. Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. Hartara, azken sei hilabeteotan, 592 forma berri jaso ditu Akademiak bere hiztegian, hain zuzen ere, 427 sarrera eta 165 azpisarrera. Era berean, 975 forma moldatu ditu: 875 sarrera eta 100 azpisarrera.
Batez ere forma berriak dira landu dituztenak, "egun dabiltzan hitzak'". Hauek dira horietako batzuk: queer, nezeser, koronabirus, zaurgarritasun, nahasmendu bipolar, asanblada, telelaguntza, hitzemate, pirateatu, edo heteropatriarkal.
Beste hizkuntzetatik eratorritako hitzak ere gehitu dituzte hiztegian, hala nola aerobik, chef, show, portzierto, remake, smartphone, router, queer, nezeser... Horien artean, elikagaiak ere badira: lasagna, fabada, polboroi, foie, mojito. Euskal Herrian erabiliak diren esamolde batzuk ere hiztegian ageri dira jada: dedio edo putakeria, adibidez.
Horiez gain, hitz berrien artean lehen baztertuak zeudenak eta orain onartu dituztenak daude. Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak adierazi duenez, "Euskaltzaindiak ez erabiltzeko esanda ere, hitz horiek bidea egin dute, jendeak erabili egin ditu. Beraz, erabiltzen bada, beharra dagoen seinale izango da. Hori da ezarpena: tarteka, dabilena berrikusi eta, kasurik ez badigute egin, guk atzera egin. Gure egitekoa dabilena jasotzea baita”. Horien artean daude honako hitz hauek, esaterako: asanblada, binario, deskubrimendu, emozionatu, estuasun, eszenatoki, ginebra, jubilazio edo taxista.
Hemen kontsulta daiteke ekarpen guztien zerrenda.
Gaur egun, Euskaltzaindiaren Hiztegiak 49.286 forma ditu guztira (39.800 sarrera eta 9.486 azpisarrera) eta 68.181 adiera (horietatik 2.368 azpiadierak dira).