Euskara zigortzen al du TikTok-ek?
Sare sozialak itsaso zabalak dira eta era guztietako edukiak izaten dira bertan, munduko hainbat hizkuntzatan. Badirudi, ordea, hemen ere hizkuntza hegemonikoek abantailak dituztela, hizkuntza gutxituekin alderatuta. Euskaldunak sare sozialetan euskarazko edukia sortzen eta partekatzen ari dira, euskaldunen komunitatea sortzen, baina oztopoak topatu dituzte bidean. Batek baino gehiagok aipatu izan du euskaraz aritzea zigortu egiten dela sareetan, algoritmoak ez duela eduki hori hainbeste erakusten.
Duela gutxi TikToken edukia sortzen duen Janire Atxurra Lekandak salatu du beste kontu bat zabaldu behar izan duela lehen kontu horretan bideoak ezabatzen dizkiotelako. Lehen kontua "zerrenda beltzean-edo" dagoela kontatu du bideo batean, "bideoak igo eta berehala ezabatzen dituelako". "Abisuak jasotzen ditut egunero kontua itxi egingo didatela esanez. TikTok-ek zerbait du nirekin, utzi bakean!", adierazi du. Umorezko edukiak sortzen dituen Joxemiel-ek ere zera aipatu du, honen harira, iruzkin batean: " Azkenaldian euskaraz diren bideoei ez die inongo bultzadarik ematen".
Atxurrak hala azaldu dio GAZTEZULOri: "Bideo batzuk ezabatu egin dizkit behin betiko. Beste batzuk, berriz, igo, momentuan ezabatu eta handik minutu batzuetara berrezarri ditu. Horrek, ordea, bideoak irismen txikiagoa izatea eragiten du. Igarri dut nire bideoak lehen baino askoz gutxiago heltzen direla. Jende askok esan dit eurei ere gertatzen zaiela. Bestetik, bideo batzuk ezabatu eta gero bueltatu egin dizkit, baina 18tik gorakoentzat direla ohartarazita, eta horiek jarraitzaileek bakarrik ikusten dituzte, ez dituzte zabaltzen 'Zuretzat' atalean. Ez du zentzurik, bideo horietan ni agertzen bainaiz berbetan, besterik gabe. Nire bideoek ez dute betatzeko moduko edukirik, eta gaztelaniazkoak ikusten ditut irainekin eta denetariko gauzekin".
Bideoen kontuaz gain, euskarazko iruzkinekin ere izan ditu arazoak Atxurrak: "Euskarazko iruzkin asko onartu egin behar izaten ditut, TikToken algoritmoak ez dituelako ulertzen eta iraingarriak direla pentsatzen duelako. Zuzenekoetako iruzkinekin ere gauza bera gertatzen da. Nire jarraitzaileek egindako "Zer ari zara afaltzen?" edo "Bermeokoa zarela uste nuen" komentarioak ezabatu egin izan ditu, iraingarritzat jota. Iruzkin normal askoak ezabatu edo mugatu egiten ditu. Iruzkinak dituzten bideoak gehiago zabaltzen ditu TikTok-ek, eta jendearekin elkarreraginean aritzeko aukera ere ematen du".
Euskarazko bideo edo iruzkinek salaketak jasotzen dituzten susmoa ere badute erabiltzaile batzuek. Atxurrak ez du hala denik pentsatu nahi, baina, aldi berean, izan daitekeela uste du: "Iruzkin asko izan ditut nire hizkuntza nagusian aritzeko esanez edo zertaz ari naizen galdezka modu desegokian. Komentario haterrak. Ez edukiagatik, baizik eta euskaraz ari naizelako. Hortaz, ez nintzateke harrituko jendeak bideoak salatu izanaz. Azken batean, arrazoi batengatik edo bestearengatik ezabatu egiten ditu euskarazko edukiak".
Sortzaileen lanari trabak
Aulestiar gazteak nabarmendu du "frustragarria" dela, eta "euskarazko edukiak sortzeko gogoa kentzen dutela". "Pare bat egunetan jarraian bideoak ezabatu zizkidatenean, euskaraz gehiago ez egitea pasa zitzaidan burutik. Izan ere, denbora eskatzen du bideoak egiteak, zer esanik ez editatu behar badira. Ezer txarrik izan gabe, bideoak ezabatzeak amorrua ematen du. Hala ere, egoskor jarraituko dut euskarazko bideoak egiten, eta kontua kendu behar badidate, ken diezadatela".
Bestelako sare edo plataformetan ere gertatzen dela jakinarazi izan dute. Olatz Salvador musikariak aipatu izan du Spotify-ko algoritmoak zigortu egiten duela euskarazko musika egitea. "Hori da merkatua, karta horiekin jokatzen dugu".
Zuk ere izan al dituzu gorabeherak sare sozialetan hizkuntza dela eta? Kontatu gure sare sozialetan!