Euskararen eta euskaldunen kontrako jazarpena kontatzen duen 'Bizkarsoro' filma Primeran plataforman ikus daiteke

ETB1en ere estreinatuko dute gaueko 21:45etik aurrera.

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Josu Martinezen Bizkarsoro filmaz gozatzeko aukera izango da gaur ETB1en eta baita Primeran plataforman ere. Euskaldunek jasandako jazarpena kontatzen du, 1914tik 1982ra bitartean fikziozko Bizkarsoro herrian gertatzen diren bost istorioren bitartez. 

"Bizkarsoro herria ez da existitzen, baina Euskal Herriko edozein herri izan daiteke. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira", azaldu dute filmaz.

1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira. Martinezek berak azaldu duenez, "euskararen desagertzea" kontatu nahi izan du film honekin, eta baita "biziraute borroka ere. Hizkuntzarena baino gehiago, hiztunena. Euskara jendearena". 

Telebistako estreinaldia ETB1en izango da, 21:45etik aurrera. Primeran plataforman ere jarri dute ikusgai.