Euskarazko hamabi orduko programazioa izango dute Gasteizen, urriaren 19an
10:00etatik 22:00etara izango da 'Gasteiz Euskararen Hiria' ekimena, eta hamahiru jarduera antolatu dituzte.
Gasteiz Euskararen Hiria izeneko ekimena egingo dute hamabi orduz jarraian, urriaren 19an, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Jai giroa izango da nagusi eta haur, gazte, heldu eta familiei zuzendutako ekintzak izango dira, 10:00etatik 22:00etara.
Ekimenaren helburua euskarari eta egunero euskararen normalizazioaren alde lan egiten dutenei balioa ematea izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, ekintzak euskaraz hitz egiten dutenentzat, euskara ikasten ari direnentzat edo euskaraz giro euskaltzalean eta jai-giroan gozatu nahi dutenentzat izango dira.
Tor eta Txoborro magoek haurrentzako emanaldia eskainiko dute egunaren hasieran, hamarretatik aurrera. Jarraian, Plaza Berrian, Badaiotz sokatira-taldearekin eta Kimuak elkartearekin, aisialdiko eta kirol arloko jarduerak egongo dira. Eguerdiko 12:30etik aurrera, zumba herrikoia, bertso-emanaldia eta bi kalejira egingo dira, bata Gasteiz Kantuz-ekin eta bestea Dirty Durum brass bandekin.
Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, Ane Gebarak eta Aitor Vinagretek Patata Minak antzezlana eskainiko dute, eta Arabako hiriburuko euskaltegiek jolasak antolatuko dituzte. Amaia Bonok euskara ikasleei zuzendutako bakarrizketa egingo du. Ondoren, 20:00etan hasita, Pasadena eta Annekdotas taldeen kontzertuak izango dira.
Eskaintza gastronomikoa ere izango dela aurreratu dute, sagardoa, pintxoak eta taloak tartean.