Euspot lehiaketa: Zer da laguna izatea?

30 segundoko spota sortu behar da, eta lanik onenak 1.000 euro irabaziko ditu.

Euskaraz sormena garatzeko gai izango diren profesionalak sustatzea, talentuan eragitea eta euskarazko sormena bultzatzea du helburu Euspot lehiaketak, eta hamalaugarren edizioak adiskidetasun harremanak jorratuko ditu.

Lehiaketako parte-hartzaileek "Zer da laguna izatea?" gaiari erantzun beharko diote. "Adiskidetasuna errespetua, babes eta onarpena izatea da, epairik gabe norbera izateko aukera. Lagun bat altxor bat da, zaindu beharreko harreman estu, sendo eta orekatua. Zeintzuk dira harreman osasuntsuen oinarriak? Nola jakin harreman bat osasuntsua dela?", adierazi dute abiapuntu modura. 

Adiskidetasunari balioa eman eta gazteen arteko harreman osasuntsu eta errespetuzkoak sustatzeko 30 segundoko iragarki originala egitea izango da zeregina. Formatua librea izango da, horizontalean ala bertikalean graba daiteke.

Spotik onenak 1.000 euroko saria izango du. Horretaz gain, beste hiru sari nagusi ere banatuko dituzte: Publikoaren Saria, 500 eurokoa; 18 urtetik beherakoentzat izango den Gazteen Saria, 500 eurokoa; eta musika sinkronizazio onenaren saria, 300 eurokoa. Bestetik, Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onenak 500 euro irabaziko ditu, eta Arizmendiko ikasleen spotik onenak, berriz, 250 euro. 

Maiatzaren 26ra bitarte aurkez daitezke lanak ondorengo formularioa bete eta jarraibideak segiz. Oinarriak hemen kontsulta daitezke.