Ez, alkohola modu neurritsuan kontsumitzea ere ez da osasuntsua

Ez, alkohola modu neurritsuan kontsumitzea ere ez da osasuntsua Ikerketa berri batzuek erakusten dutenez modu neurritsuan alkohola kontsumituta ere, 50 urtetik beherakoen minbizi kasu kopuru askorekin lotuta dago. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ez-alkohola-modu-neurritsuan-kontsumitzea-ere-ez-da-osasuntsua/@@download/image/pexels-elevate-1267696.jpg
2024/10/21
Ikerketa berri batzuek erakusten dutenez modu neurritsuan alkohola kontsumituta ere, 50 urtetik beherakoen minbizi kasu kopuru askorekin lotuta dago.
Ez, alkohola modu neurritsuan kontsumitzea ere ez da osasuntsua

Egia da, astean behin garagardoa hartzea hobea dela asteburuetan gehiegikerian erortzea baino. Zure gibelari atseden ematen diozu, baina hala ere, ez da uste zenuena bezain jokabide osasuntsua. Zientziak frogatu du, alkoholaren kontsumo moderatua ere, minbizia mota askoren garapenarekin lotuta dagoela.

American Association for Cancer Research (AACR) elkarteak argi adierazi du: alkoholaren kontsumoa minbiziaren garapenerako arrisku faktore garrantzitsua da, eta hala ere, biztanleriaren erdiak baino gehiagok ez du honen berri. AACRren txostenak dio 2019an Estatu Batuetan minbizi kasuen %5,4 alkoholaren kontsumoarekin lotuta zeudela. Minbizi mota nagusien artean daude bularrekoa, kolonekoa, gibelekoa eta buru zein lepoaren zenbait minbizi mota.

50 urtetik beherako pertsonen artean minbizi kasuen gorakada kezkagarria da, bereziki gastrointestinal sistemari lotutakoak. Txostenak azpimarratzen du alkohola gaztetan eta helduaro goiztiarrean erregularki kontsumitzea gorakada horren atzean egon litekeela. Alkoholak sabeleko mikrobiotan eragiten du, gure gorputza babesten duten bakterioen oreka aldatuz. Desoreka horrek minbizi tumoreen hazkundea eta zabalkundea erraztu lezake.

Urte askotan pentsatu izan da alkohola moderatuki kontsumitzea, -bereziki ardo gorria-, bihotzarentzat onuragarria dela. Hala ere, azken ikerketek frogatu dute kontsumitzaile moderatuak ez dutela abantaila esanguratsurik bihotz osasunean, ohiko edaleekin alderatuta. Eta kezkagarriena zera da: kontsumitzaile moderatu eta arinek ere minbiziagatik hiltzeko arriskua dutela.

Emakumeen kasuan, bularreko minbiziaren arriskua alkoholaren kontsumoarekin zuzenean lotuta dago. Izan ere, alkoholak estrogeno mailak igotzen ditu, minbizi mota honen garapenean funtsezko papera duen hormona. Alkoholaren kontsumoa murriztea arrisku hori gutxitzeko modu eraginkorrenetako bat da.

Datu berri hauek, alkohola alboratzearen Gen Zaren joera berresten du. Alkohola baztertzea aukera ona da gure osasuna zaindu nahi badugu. Alkoholaren kontsumoa oso barneratuta badago ere gizartean, edatea erretzearen parekoa da osasunarentzat. Kontua da, poteoak gure harreman sozialen funtsezko elementu gisa hautematen ditugula.