Harrotasun abstemioa: geroz eta pertsona gehiagok egiten diote uko alkoholari

Harrotasun abstemioa: geroz eta pertsona gehiagok egiten diote uko alkoholari Rosalía-k Ralphie Choo-rekin atera duen "Omega" abestian entzun liteke “jada ez du edaten, jada ez dut erretzen, ez dut kontsumitzen eta harro diot”. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/harrotasun-abstemioa-geroz-eta-pertsona-gehiagok-egiten-diote-uko-alkoholari/@@download/image/Captura de pantalla 2024-10-08 a las 7.48.24.png
2024/10/09
Rosalía-k Ralphie Choo-rekin atera duen "Omega" abestian entzun liteke “jada ez du edaten, jada ez dut erretzen, ez dut kontsumitzen eta harro diot”.

Letra, gertatzen ari den aldaketa sozialaren pista da: abstinentzia orain ez da horren bide bakartia. Alkohola ez edatearen erabakia hartzea normalizatzen ari da.

Omega abestian esandakoa, ez dakigu zenbateraino den egia. Singlea atera zen egun berean Rosalía, argazki batzuetan, erretzen ateratzen baita. Ez du axola. Askok kantuko bertso hori erabili dute alkoholik ez edatearen hautuaren elkarrizketa irekitzeko eta euren lorpenak sare sozialetan zabaltzeko. Askok, abestiaren harira, X plataforman jarri dute zenbat hilabete edo urte doazen edan gabe.

Badirudi, ez edatearen lorpen eta onurak sare sozialetan partekatzearen jokabidea, armairutik ateratzearen parekoa dela. Nahiz eta, askok aipatzen duten, oraindik ere azalpen asko eman behar dituztela euren arrazoia justifikatuz eta nekagarria dela.

Espainiar Gobernuak 2021ean egindako ikerketa batek erdi alkoholizatutako gizarte bat islatu zuen, oraindik ispiluaren aurrean jarri eta begietara begiratuz, egia aitortzeko gauza ez dena. Bataz beste, gazteak geroz eta goizago hasten dira alkohola kontsumitzen, 14 urte inguruan. Adin horretan, galdetegia pasa zitzaien gazteen %73,9k behin bada ere kontsumitu zuten, %1,6k egunero edaten du eta %23,2a gutxienez hilabetean behin mozkortzen da. Txostenak erakusten duen bezala, alkohola kontsumitzearen eraginak suntsitzaileak izan litezke oraindik garapenean dagoen gorputz eta garun batentzat: hipokanpoa kaltetzen du, baita garuneko memoria eta ikasketa gunea eta helduaroan alkoholarekiko menpekotasuna garatzeko aukerak gehitzen ditu.

Baina bada itxaropenik, azken joerek erakusten dute gazteen artean alkoholak eragiten dituen kalteen inguruko kontzientzia gehiago dagoela. Aditu batzuen ustez, pandemiak lagundu zuen joera horretan eta edatera ateratzen diren gazteen kopurua zertxobait murriztu zuen, bestelako planei bidea irekiz. Datuek jaitsiera hau islatzen dute, jaitsiera arina bada ere. Zenbakien arabera, orain dela 15 urte gazteen %41,4 mozkortzen zen, orain kopurua erdira jaitsi da (%27,9).

0,0 sozializazioa

Sozializatzeko garaian ere joera aldatzen ari da, eta abstinentziaren bidea aukeratzen dutenek onarpen handiagoa duten bere inguruan. Hori bai, oraindik ez dago onarpen sozial orokorrik eta gizarte alkoholizatuaren presioa esanguratsua da. Askok ez dute ulertzen alkohola ez edatearen hautua eta asko salbuespena dira euren zirkulu sozialean. 

Baina sare sozialei eta famatu batzuen adierazpenei esker (Anne Hathaaway, Bradley Cooper, Miley Cyrus, Adele…), bakardade sentsazio hori arindu egin da. Azken urteetan, geroz eta jende gehiago ausartu da alkohola baztertzera eta erabakia komunikatzera. 

Hala ere, abstinentzia oraindik bakardadez josia dago, eta festaren erdian alkoholik edaten ez duen bakarra izatea gogorra izan liteke, presio soziala gehiegizkoa bihurtzen da zenbaitetan. Horregatik, Rosalía bezalako artistek, abesti baten bidez, ohitura aldaketa horri ikusgarritasuna emateak sekulako eragina izan lezake gazteen artean, euren identatea eraikitzen ari baitira.